Mikel Zubimendi | Kazetaria
Ametsaren ildoan, suelto eta libre
Asko maite dut Euskal Herria Bildu koalizioaren izena. Poz-pozik hartu dut notizia. Adiera askotara jokatu daiteke, osagai paregabeak ditu, indartsuak -Euskal Herria eta Bildu- ametsaren ildoari begira izen jostarina da. Moldagarria, plastikoa, izan garenaren eta izan nahi dugunaren lekuko. Hautatu den kolore korporatiboarekin, baina, antzeman dut demontre moduko bat. Euskal Herria Bildu-ren berde korporatiboa Bankia-ko berdearen hain antzekoa izateak, eta, berez, berdea hain esplotatua izanik, ba momentuaren zentzuak sobera ez duela lagundu esango nuke. Baina tira.
Izenak garrantzi handia duela ez da kontu berria. Izanaren eskutik doa. Komunikazio korporatiboan marka bat suposatzen du, goxoki zaindu, estrategia komunikatibo egoki batez hornitu eta, sarritan, alderdiek-eta duten konturik inportanteenen artean ondare inportanteena marka on-on bat edukitzea izan ohi da.
Ez dakit azkenean, erabileraren erabileraz, zein forma hartuko duen Euskal Herria Bilduk. Horrela, oso-osoan emana, luzeegia dirudi, kazetaritzari begira bederen. EH Bildu ere irakurri dut. Igual, besterik gabe, Bildu izena, soilki eta sinple erabiliko da. Batek daki! Hizkuntzaren bidezidorrak hain dira antzemanezinak!
Edonola ere, eta izenekin libre eta suelto jostatuz, maitagarria deritzot Euskal Herria Bildu-k duen akronimoari: EHB-ri. Hiru letrako markak ugariak dira munduan, oso erabiliak, musikalak eta ongi funtzionatzen dutenak: USA, FMI, ONU, JFK... adibideak nahi beste eta noranahikoak. Hiru letratako akronimo lez, EHB ederra da oso ametsaren ildoari begira. Demagun, adibidez, alegiazko guraizeak hartu eta zast! «E»-aren eta «H»-aren artean mozten dugula: HB ateratzen da. Eta gogoak Herri Batasunara gidatzen gaitu. Ez da kontu hutsala. Esperientzia bat, ondare bat, nortasun bat, herritar batasunaren komunitate natural eta zabal baten erreferentzia... Zast! «H»-aren eta «B»-aren artean moztu, eta EH, porrot egin, baina inolaz ere antzua izan ez zen Euskal Herritarrok-en absentzia gertuko presentzia bilakatzen da. Ederra ere.
Ai herri ibileren oroitzak, erantzezin ditugun jantziak! Errealiate berriak konpaktatzeko, ai kromletxean berriz biltzearen beharra! Ametsaren ildoari begirako idealaren oreka naturala.