GARA > Idatzia > Euskal Herria

Tolosarrena da hitza, Larramendin errepidearekin zer egin erabakitzeko

Auzo honetan bizi direnek euren egunerokotasuna baldintzatuko duen proiektuaren inguruan iritzia emateko aukera izango dute bihar. Udalak, errepidearen lurperatzearen inguruan dauden jarrera ezberdinak ikusita galdeketa abiatu baitu. Hitzordua, Arkaute etxean.

p018_f01_199x116.jpg

Oihane LARRETXEA |

«Errepidea lurperatzearen alde edo errepidea lurperatzearen aurka zaude?». Horixe, bihar Tolosako Larramendi auzoko bizilagunei Udalak mahai gainean jarriko dien galdera. Emaitzak auzoaren etorkizuna baldintzatuko du. Errepidea lurperatzea aurreko Udal Gobernuak onartu zuen, alegia, EAJk, baina egungo Udal Gobernua (Bildu) ez dago alde. Hain zuzen, iritzi ezberdinak zeudela ikusita, Udalak galdeketa egitea erabaki zuen, eta hortik ateratzen den erabakia gauzatzea.

Bizilagun batzuek lurperatzea zergatik defendatzen duten edo zergatik gaitzesten duten azaldu aurretik ordea, garrantzitsua da bi alternatiben ezaugarri nagusiak azaltzea. Horretarako, Udalak igorritako informazio txostenean oinarritu da GARA.

Bozkatzeko bi proiektu

A proiektuan, hau da, errepidea lurperatuko balitz, etxebizitzen artean espazio libre bat sortuko litzateke, plaza berria -umeentzako jolastokia, bide eta lorategiak dituela-, Arkaute parkearekin bateratuta. Proiektu honetan, oinezkoentzako espazioa guztira 15.625 metro karratukoa izango litzateke.

Errepideei dagokienez, zirkulazio bideek igoera-jaitsierako bi arrapala izango lituzkete (188 metroko luzerakoak), eta sei errei egongo lirateke baterako erabilerakoak (lurpeko eremuak orotara 96 metroko luzera izango luke).

B proiektuan ere, espazio libreari dagokionez, plaza berria eta Arkaute parkea egongo lirateke, baina bi espazio horien artean baterako erabilerako 70 metroko tarte bat egongo litzateke. Oinezkoentzat berriz, beste alternatibak baino 1.611 metro gehiago eskaintzen ditu, alegia, 17.236 metro karratu orotara.

Udalaren txostenak nabarmentzen duenez, ez lurperatzeak 2.500.000 euroko aurrezkia ekarriko luke, eta kopuru hori auzoko ekipamenduetarako erabiliko litzateke, auzotarrek erabakiko luketen horretan. Bestetik, lurperatzea egingo balitz, -diru hori ez bailitzateke aurreztuko-, Ibai Iriarte alkateak gogorarazi du «beste auzune batzuk ere aspalditik ekipamenduak eskatzen» ari direla, eta, beraz, «epe ertain batean Larramendin ez litzateke aukerarik egongo ekipamendu gehiago jartzeko».

Larramendi Bizirik plataformak lurperatzearen aurkako jarrera defendatu du, eta informazioa auzotarrei helarazteko asmoz, batzar irekiak antolatu ditu azken asteetan. Bertatik GARAri adierazi diote errepidea lurperatzeak «auzoa fisikoki banandu» egingo lukeela eta «auzoa Tolosako sarrera izatera kondenatuko» lukeela. «A aukerak autobia auzora sartzen du eta B aukerak berriz herria gure auzora zabaltzen du», diote.

Argudioen artean, besteak beste, arrapalek sortuko luketen zarata, edota uholdeekin sortuko liratekeen arazoak daude. Mantentze lanetarako ere -argia, kamerak...- aurrekontua beharko litzatekeela adierazi dute.

Beste muturrean, lurperatzearen alde daudenak. Bizilagun horien ustez, «autorik gabeko plaza handi bat» sortzen duela eta alternatiba honek ez duela «zonalde berderik kentzen» defendatzen dute. «Ez lurperatzeak -adierazi diote GARAri-, gaur egun dagoen errepide oztopo-arriskua mantentzen du».

Epeak ere aipatzen dituzte, izan ere, lurperatzea «bihar bertan» has litekeela adierazita, erantsi dute onartu zen proiektua atzera botatzeak «urte eta erditik gora» atzeratuko lukeela prozesua, hirigintza plana aldatu eta proiektu berria onartu beharko litzatekeelako. Puntu honetan, lurperatzearen aurka daudenek diote zuloa egingo balitz atzera bueltarik gabeko lanak liratekeela.

Eztabaidaren beste hari-mutur bat dute errepidea lurperatuko zela aurreikusita leku horretan etxebizitza erosi zutenek. Gaur egun, 550 familia inguru daude egoera horretan. Honi buruz, A proiektua defendatzen dutenek diote «ez duela ez hanka ez buru norberak baloratutako produktu bat saldu eta erosita duzunean berau aldatzea».

Batera edo bestera, tolosarren bozek gaur marraztuko dute Larramendiren etorkizuna.

baldintzak

Parte hartzeko baldintzak honakoak dira: 18 urtetik gorakoa izatea eta Larramendin erroldatuta egotea. Bozkatzerakoan, etxean jasotako gutuna -bozkatzeko akreditazioa zigilu originalarekin eta botoa egongo baitira- eta nortasun agiria aurkeztu behar dira.

kontaketa irekiA

Bozketa Arkaute etxean egingo da eta zabalik egongo da 09.00etatik 20.00etara. Bertan parte-hartze prozesuko bi aholkulari egongo dira, baita alternatiba bakoitza defendatzen dituen kide bana ere. Bozketa itxi eta Arkauten bertan egingo da kontaketa eta irekia izango da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo