Alduntzinen aurkako zentsura mozioa, toxikoa den politika modu baten isla
Sorpresarik gabeko sorpresatzat jo daiteke EAJ, PSE eta PPren artean Gipuzkoako Ingurumen diputatu Juan Karlos Alduntzinen kontrako zentsura mozioa aurkeztu izana. Izan ere, hiru alderdiok aspaldi dabiltza kosta ahala kosta hondakinen kudeaketaren gaia neurriz kanpo esplotatzen eta zakar jokatuz, hizkera pozoitsu batez giroa gaiztotuz, soluzio arrazionalak lantzeke, polemika puztuz eta puztuz. Pedagogia gaizto hori ezagututa, serio eta helduen moduan hitz egiten ez duten politikarien eskutik gaitza zen oso, ezinezkoa, alderdiok norabide eraikitzaile batean irudikatzea. Ongitxo dakite, are krisi garaiotan, beldurrak jendea aztoratu eta puntuak ematen dituela. Horrelako politikariak, zoritxarrez, ugariegiak dira, eta Gipuzkoan soilik ez.
Alderdion mugimenduak deus gutxi du ikusteko hondakinen kudeaketa arrazional eta bideragarri baten eztabaidarekin. Ezta Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioaren eta Batzar Nagusien arteko konpetentziei buruzko interpretazio gatazka batekin ere. Haien politikak hondakinak erabiltzen ditu hondakinen gaineko politika berri baten bidea blokeatzeko, beren interes eta mantenu propioen mesedetan ari ez direnean. Esan liteke hondakinak baino toxikoago eta kutsakorragoa den politika modu horren birziklapena lehen mailako problema bilakatu dela.
Alderdi horiei, den-denei, politikaren eta egokitasunaren zentzuaren inguruko hausnarketa serio bat eska dakieke. Izan ere, normala bezain ulergarria da atzo Gipuzkoako Ingurumen Batzordean antzeztu zen gisako espektakulu baten aurrean gipuzkoarren baitan sortzen den kezka; hots, hori bada gidatu nahi gaituzten politikarien maila, arazoa, sinpleki, mailarik ez dagoela dela senti dezaketelako.
Bilduren gobernuak garapen estrategia berri bat ekarri nahi izan du. Lehentasunak eta ereduak hierarkia berri baten arabera ipiniz. Eta ederto egiten du estrategia horri eusten, herriari emandako hitza betetzen eta egiaren eskutik jarduten. Beste proiektutzarretarako bezala, garaiak ez dira dirua xahutzekoak eta burua lehengo lepotik duten garapen ereduetan kateatzekoak. Bilduk esan zuen errauste plantarik ez zela egongo eta errausketarik gabeko plan aski interesgarria defendatzen du. Atez atekoa baino askoz ere haragokoa, eta atez atekoarekin jarri nahi dioten trapuan sartuz zorabiatzeko arriskua ez duena. Plana historiaren alde egokian datza, haize garbiak alde ditu. Atmosfera hain gutxi oxigenatzen duten politikariak ez baleude eta pedagogia egokia balego jendearen ulermena eta parte-hartzea erraz bereganatuko luke.
Eta bereganatu egingo du. Bildu soka motzean lotuta egitasmoa itoko dutela uste badute, oker dabiltza. Gipuzkoarrak helduak dira, aktiboak, kontzientzia dute. Nazkatu egin daitezke, jakina, baina ez umeak bezala tratatuz, engainatu.