GARA > Idatzia > Euskal Herria

Euskarak eta parekidetasunak partida jokatuko dute Anoetan

Aldarrikapen garrantzitsuak zelairatuko dira datorren larunbatean, hilak 23, Anoetan: Euskal Herriko selekzioa, parekidetasuna eta euskaraz bizitzeko eskubidea. Hamaika Gara ekimenak manifestua aurkeztu zuen atzo, kulturako, kiroleko eta euskalgintzako hainbat ordezkariren babesean. Herritarrei dei egin diete harmailak betetzera, bai ala bai, euskarak irabaz dezan.

p017_f02.jpg

Oihane LARRETXEA |

Lehen mailako futbol liga amaitu da, baina Anoetako estadioak oraindik badu zer eskaini. Partida berezia izango da datorren hilaren 23an zelai berdean jokatuko dena; izan ere, 16.30ean Euskal Herriaren eta Esloveniaren arteko emakumezkoen futbol partidaren aurretik, jai giroan, parekidetasunaren, Euskal Herriko selekzio ofizialaren eta euskaraz bizitzearen aldeko aldarriak zabalduko dira harmailetan.

Dagoeneko Hamaika Gara ekimenari babesa azaldu diete herritarrek, eta atzo, hain zuzen, kultura, kirol eta euskalgintzaren arloetako hainbat lagunek defendatu zuten ekimena; besteak beste, Iban Estebez boxealariak, Naroa Agirre atletak, Iñaki Azurmendi aizkolariak eta Leire Olabarria txirrindulariak. Kultura eta euskalgintzatik, bestalde, Maialen Lujanbio bertsolariak, Oskar Elizburuk (AEK), Lore Erriondok (UEU) eta Anjel Alkain aktoreak babestu dute.

Jon Maia bertsolariak ere bat egin du 23an egingo diren aldarriekin, eta hain justu, bera arduratu da atzo ekimenaren bultzatzaileek Anoetan egindako agerraldian irakurritako manifestua idazteaz.

«Gure hizkuntza hesirik gabeko eremua dela erakutsiko dugu, gure herria mugarik gabea nahi dugula», dio manifestuak. Batzuetan galdu, besteetan irabazi, erori ere egingo dira jokalariak, baina altxatzeko gaitasuna ere izango dute. Eta hori guztia, euskaraz egiteko eskubidearekin izan dadila eskatzen du Maiak sinatutako testuan. Dokumentua www.hamaikagara.com gunean dago ikusgai, eta dagoeneko ari da atxikimenduak jasotzen.

Egun horretan ez-ikusiarena egiten duen epailerik ez dela izango gogorarazten du testuak, ezta jokoz kanpo utziko duen marrazainik ere, eta bai ala bai, harmailak betetzen diren neurrian, garaipena lortuko dela. «Gure hizkuntzaren geroa eta gure onarpena dago jokoan, eta ekainaren 23an, Anoetako futbol zelaian etorkizuna irabaztera aterako gara beste behin ere. Denok batera, hamaika, milaka, euskaraz!». Eskaera honekin, beraz, txanda herritarrena da, datorren larunbatean hiru aldarrien alde ekitaldian parte hartzeko gonbita egina baitago.

Egun osoko jaia dela gogorarazi zuten atzo. Eguna 10.30ean hasiko da, Porrotx eta bere lagunen ikuskizunarekin. Janaria eta edaria egun osoan egongo da, baita DJ Bullen musika ere. 15.00etatik aurrera kantaldia egongo da, Anje Duhalde, Alex Gatibu eta Aiora Amaiurrekin, eta 16.30ean, Euskal Herriaren eta Esloveniaren arteko futbol partida. Sarrerak eskuratu nahi dituenak atxikimendua emateko webgunera jo dezake.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo