GARA > Idatzia > Kirolak> Errugbia

Heineken Kopa

Multzo egokia tokatu zaio Biarritz taldeari

J.L.

Harlequins, Connacht eta Zebre izango dira Biarritzek Heineken Kopako lehen fasean aurrean izango dituen hiru taldeak. Zuri-gorriak hirugarren multzoan egokitu dira, eta final-laurdenetarako txartela lortzeko asmoarekin ekingo diote berriro ere Europako lehiaketari.

Lehen jardunaldia urriaren 12tik 14ra bitarteko asteburuan jokatuko da, eta aste bat beranduago izango da bigarrena. Hirugarrena, berriz, abenduaren 7tik 9rako asteburuan jokatuko da, eta aste bat geroago laugarrena. Bosgarren jardunaldia urtarrilaren 11tik 13rako asteburuan izango da, eta aste bat beranduago amaituko da lehen fasea. Final-laurdenak apirilaren 5etik 7rako asteburuan jokatuko dira. Finalerdiak, apirilaren 26tik 28rako asteburuan izango dira, eta finala maiatzaren 18an.

Beste multzoei begiratuta, lehen multzoan, Munster, Edinburgo, Saracens eta Racing Metro daude. Bigarren multzoan, Stade Toulosain, Leicester, Ospreys eta Beneton. Laugarrengoan, Northampton, Ulster, Glasgow eta Castres. Bosgarrengoan, Leinster, Clermont, Llanelli eta Exeter Chiefs, eta seigarrengoan, Cardiff, Toulon, Sale Sharks eta Montpellier.

Bestetik, Biarritzek eman du denboraldia hasi aurretik egin behar dituen ekintzetako batzuen berri. Uztailaren 2an hasiko dira entrenatzen, eta Liga berriz, abuztuaren 17an edo 18an hasiko dute.

Denboraldiaren aurretik, orain arte hiru partida dituzte baieztatuta. Lehenengoa uztailaren 27an jokatuko dute Agileran, Agenen aurka, 19.00etan. Abuztuaren 3an, berriz, Euskal Herria Kopa jokatuko dute Anoetan, Avironen aurka, 20.00etatik aurrera. Hau izango da, Liga hasi aurreko neurketarik garrantzitsuena. Oraingoz, segurtatuta duten azkena, Newporten aurka jokatuko dutena da, abuztuaren 10ean Agileran, 19.00etan.

Ampo Ordizia

Ampo Ordiziak ez du Amlin European Challenge jokatuko. Berez, Quesos Entrepinares taldeari zegokion lehiaketa hori jokatzea, beraiek izan baitira Ligako txapeldunak, baina Valladolidekoek ez zutela jokatuko jakinarazi zuten pasa den astean egin zuten bilkura nagusian.

Hori dela-eta, Ordiziari eskaini zioten aukera hori, Ligan bigarrenak izan baitira, eta Kopa, berriz, irabazi egin dutelako. Gipuzkoarrek gauza guztiak aztertu ostean, ez jokatzea erabaki dute, eta ez dira arituko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo