GARA > Idatzia > Kultura

400 panpoxek galdetu dute zergatik Urretabizkaiaren klasikoaren irakurraldian

Klasikoen V. irakurraldi jarraitua ospatu zuen atzo Bilbo Zaharra euskaltegiak. Goizeko zortzietan hasi eta iluntzeko zortzietaraino, Arriaga antzokitik 400 irakurle pasatu ziren euskara ikasleen jaiegun honetan Arantxa Urretabizkaiaren «Zergatik panpox» nobelaren pasarteak irakurtzera. Donostiarra bera izan zen atrilera igotzen lehena, hiru hamarkada baino gehiagoren ondoren, bere liburuarekin eta irakurleekin topo egiteko.

p049_f01_199x108.jpg

Ane ARRUTI | BILBO

Osteguna ikasleen eguna izan ohi da, edo ikasle garaietako nostalgia mantentzen dutenena; atzokoa euskara ikasleen eguna izan zen, Bilbo Zaharra euskaltegiko ikasleena zehatzak izateko, eta azken bost urteetan bezala, klasikoen irakurraldi jarraituarekin ospatu zuten Bilboko Arriaga antzokian.

Aurtengo klasikoa, Arantxa Urretabizkaiaren «Zergatik panpox», 1979an argitaratua eta euskal literaturan lehenengo aldiz protagonista femenino bat zeukana. «Nik momentuan ez nuen hori kontuan izan. Orduan, pentsatu nahi dut liburuak badituela beste balio literario batzuk, bestela jendeak ez luke irakurriko», adierazi zuen Urretabizkaiak, goizean goiz, liburuaren lehenengo pasartea irakurri ondotik. Berak abiatu zuen goizeko zortzietan irakurraldia eta iluntzeko zortziak bitartean, 400 pertsona pasatu ziren Arriaga antzokiko atriletik, 58 orrialdeko nobelatxo hau bederatzi alditaraino irakurtzeko.

Duela lau urte Axularren «Gero», duela hiru Mogelen «Peru Abarca», duela bi Jon Miranderen «Haur besoetakoa» eta iaz Ramon Saizarbitoriaren «Hamaika pauso» izan dira aurreko edizioetan irakurri diren klasikoak. Iaz Saizarbitoriak ekin zion jardunaldiari eta atzo ere bertan izan zen goizean. Arantxa Urretabizkaiari, berriz, arraroa egin zitzaion bere nobela, idatzi zuen lehenengoa, «klasikoen» artean sailkatzea. «Hau esan zidatenean, klasikoaren adierak bilatu nituen hiztegian: `Tradizioaren edo ohituraren arabera egina', hori ez zait iruditzen; bestea, `imitazioa merezi duena', hori ez dut nik esango bada eta ez dut uste asko imitatu denik; hurrengoa da, `nola hala, historian sartu den lan bat', eta agian hirugarrengo hau egiazkoagoa da».

Definizioak definizio, «gauza polit bat esaten dizutenean dagokizuna da eskerrak ematea eta ez zalantzan jartzea arrazoi duten edo deskuidatu diren», esan zuen. Gainera, bere bizitzan garrantzi berezia duela ere aitortu zuen, «narratiban jardun nuen lehenengoa delako. Ordura arte poesia egin nuen. Gainera, nik poema batzuk idatzi, argitaratu eta sei-zazpi urtetan ez nuen ezer idatzi, Franco oraindik bizirik zegoen eta iruditzen zitzaidan bazeudela gauza urgenteagoak poemak idaztea baino. Franco hil eta berehala, igarri nuen lehenengo aldaketa izan zen nire inguruko bikoteak desegiten zirela. Hori kontatzeko beharra sentitu nuen».

Txema bikoteak alde egin ondoren, emakume batek bere haurrarekin bizi duen egun normal bat kontatzen du nobelak. «Agian orain idatziko banu, ez litzateke hain argia izango gizonak alde egiten duela eta emakumea bakarrik gelditzen dela. Gerora gai hau ere ukitu izan dut eta alderantziz izan da. Gizonak umeak eraman ditu eta emakumea bakarrik gelditu da. Sasoi hartan hori zen eredurik zabalduena; orain modu guztietako banaketak daude».

Hamabi ordu, 400 irakurle

Parte-hartzaileen artean, ikasleez gain, aktore, kazetari, agintari zein kirolari mordoa izan ziren atzo Bilbon, batzuk aipatzearren, Jose Angel Iribar, Aizpea Goenaga, Natxo de Felipe, Juanra Madariaga, Andres Urrutia, Patxo Telleria edo Garbiñe Biurrun.

Arduradun nagusi moduan Pedro Alberdiri aurten erreleboa hartu dion Maite Salutregik azaldu zuenez, «gero eta jende gehiagok hartu nahi du parte eta hor ibiltzen gara gure ikasleek lekua izan dezaten ahaleginetan». Izan ere, hamabi urte darama Bilbo Zaharra euskaltegiak Forumak, kultura arloko ekitaldiak antolatzen. «Gaurko egunean ikaslearen jaia ospatzen dugu, uste genuen ikasleek merezi zutela urte osoko ahaleginagatik, eta euskarari bere ohorezko lekua eman nahi genion. Eta zer hobe, klasiko baten irakurketa egitea baino».

Hiru hamarkadatik gora pasatu ondoren, Urretabizkaia bera ere irakurle bihurtu zuen atzoko ospakizunak. «Nik ez dut berriro irakurtzen nik egindakoa, zertarako? Ez da nirea dagoeneko. Banekien zein zen lehenengo zatia, irakurtzea tokatzen zitzaidana, baina etorri bezain pronto testua eskatu diet, ez dut etxean irakurri ere nahi izan».

Gainerako irakurleen ahotan bere hitzak entzuteak ere urduritu zuela aitortu zuen, «idazten duzunean irakurlea ez dago aurrean, irakurtzen ari denean zu etxean zaude babestua». Eta aurretik antolatutako hitzaldietara ere ez zuen azaldu nahi izan: «Liburu bat idaztea amets bat egitea bezala da. Amets horrek zer esan nahi duen jakiteko psikiatra bat behar duzu, aditu bat. Liburuaren inguruan egiten diren lan eta hitzaldi horiek, horixe dira».

ZENBAKITAN

Goizeko zortzietan hasi eta iluntzeko zortziak bitartean, 400 irakurle pasatu ziren Arriaga antzokitik. 58 orrialdeko nobela izanik, hamabi ordutan bederatzi alditan irakurri zuten «Zergatik panpox».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo