Xabier Izaga | Kazetaria
Europak ez du begirik behar, fedea baizik
Ezer gutxi dakit nik ekonomiaz. Gertatzen da, ordea, antiojo hauen atzean begiak ditudala. Eta hemengo eta Europako eta munduko egoera txarra ez ezik, bidegabea ere badela ikusten dut. Sistema bidegabe batek eragindako egoera. Adituek esango dute oso kontu konplexua dela, eta ezin dela sinplifikatu, baina nik begiak ditut eta badakit, gainera, adituok zenbat eta gehiago kobratu, orduan eta adituago direla, eta ez dut esan nahi ez dakitela; izan ere, jakin egin behar dute, lapurrak segurtasun sistema sofistikatuak desaktibatzen dakien era berean.
Bihar Grezian hauteskunde orokorrak izango dira, eta Europa, baina ez europarrak, establishment delako hori baizik, penintsula hari begira dago, beldurrez eta beldurra hedatuz. Haatik, haren kezka ez da greziarren ez gainerako europarren etorkizuna, zaindari kargua eman dien sistemarena baizik. Grezian ez baitago eskuinaren eta eskuineko politikak gauzatzen dituenaren arteko lehia tradizionala. Eta itxurazko dialektika horretatik kanpoko asmoa erakutsi duen indar batek garaile gertatzeko aukera du. Demokrazia Berriak eta Pasok-ek zer eskaintzen edo, hobeto esateko, zer egiten duten badakigu, eta greziarrek guk baino hobeto. Ez dakigu zer egingo lukeen Syrizak gobernua osatzeko aukera izango balu, baina Grezia hizpide duenean, greziarrez dihardu, eta aukera bat merezi du. Hala ere, adituek ohartarazi dute alderdi hori kaosa dela, aukera txarra. Eta agindu duena gauzatzen ahaleginduko balitz, Grezia -greziarrek hautatu ez duten egungo Gobernurekin ez bezala- diktadura baten peko herrialdea bihutuko litzateke haien begietan. Penagarria da EBren jarrera, bere izaera demokratikoaren funtsa agerian utzita: libre zara nahi duzunari botoa emateko, baldin botoa hautagai «onari» ematen badiozu.
Ez da, ez, horren sinplea, arrazoi dute adituek. Guk begiak ditugu, baina ulertzeko gaitasunik ez, Hirurtasun Santuaren misterioa ulertzeko gaitasunik ez dugun bezala. Eta, gainera, fedea izan behar dugu. Horretan datza eta, hain zuzen, demokrata izatea. Ikusi gabe sinestean. Begiak izanda ere, ikusi ez eta sinestean.