GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Sega | Nazioarteko era

Tolosan jarriko da abian Euskal Herriko Liga

Neskak eta mutilak lehiatuko dira hiru jardunaldi izango dituen txapelketan.

Jon LEUNDA

Almitza Elkarteak antolatzen duen nazioarteko erako Euskal Herriko Liga bihar jarriko da abian Tolosan, Iurramendiko belardietan. Ekinaldia 11.30ean hasiko da, baina ordu erdi bat lehenago egingo da segalariekin egin beharreko zozketa.

Gizonezkoak dira izena eman duten gehienak, eta 23 urtetik gorakoak, gainera. Maila horretan 100 metro karratuko sailak moztu beharko dituzte, eta lehiaketa honetan ohikoa den moduan, azkartasuna eta txukuntasuna nahasten dira. Beraz, ez du azkar eta narrats ebakitzerik balio, bestela zigorrak jasotzen dituelako segalariak, lortutako denborari gehituz, eta sailkapenean atzera egingo luke, irabazteko aukerak galduz.

Maila horretan, Dorronsoro, Egia, Mitxelena, Mariñelarena, Llobregat, Joakin Garmendia, Jokin Garmendia, Agirrezabala, Galarraga, Atin, Artzelus, Altzo, P.Astondoa, Iraola, Maguregi, Goenaga, Urkola, Esnaola, I.Astondoa, A. Astondoa, Atxa, U. Galarraga eta Etxeberria izango dira. Gizonezkoetan, 16 urtetik 23 urtera artekoetan, Markel Maguregi eta Oier Urkola dira izena eman dutenak, eta 16 urte arteko gaztetxoetan, berriz, Garmendia, Intsausti eta Mitxelena. Azken hauek 35 metro karratuko saila moztu beharko dute.

Neskek bi mailetan eman dute izena. Garin, Etxaburua, Aloña Galarraga eta Antsa dira maila nagusian izena eman dutenak. Otamendi, Ainhoa Galarraga, Astondoa, Charron eta Imaz dira 23 urtez azpikoetan lehiatuko direnak. Segalari bakoitzak 35 metro karratuko saila moztu beharko du. Ligak hiru jardunaldi izango ditu, eta honelakoetan gertatzen den moduan, erregularrenak irabaziko du txapela. Lehen jardunaldia bihar Tolosan jokatuko dena izango da, eta bigarrena, berriz, Etxalekun jokatuko da ekainaren 23an, 17.00etan. Azkeneko ekinaldia Zaldibian izango da uztailaren 22an.

Puntuaketa

Puntuaketa sistema erabiliko dute lehiaketa honetan, eta sailkapenaren arabera banatuko dira jardunaldi bakoitzaren ostean aipaturiko puntuak. Hiru jardunaldiren ostean, edozein postu erabakitzeko berdinketa egongo balitz, hiru saioetan egindako denborak hartuko lirateke kontuan, eta horrek erabakiko luke zein geratuko den aurretik eta zein atzetik.

Beraz, txapela jantzi nahi duenak beti aurreko puntan ibili beharko du hiru jardunaldietan, ez baitu balioko behin irabazi eta besteetan lasai ibiltzeak, horrek seguru asko ere ez diolako emango amaierako garaipenik.

Izenei begiratzen hasita, izen garrantzitsu asko agertzen dira, nahiz eta tartean batzuk ere falta diren, ez baitira agertzen ez Juanjoxe Lizaso, ez eta Joxe Gabirondo ere. Biak ere modu honetan oso ongi moldatzen diren segalariak dira, baina lehian izango direnak ere horrelakoak dira, eta ikuskizuna ez da faltako hiru saioetan.

Nesketan, Arrate Garin jotzen dute faboritotzat, eta bera bertan izango da. Aurten jadanik betiko eran jokatzen den Gipuzkoako txapela jantzi du, eta Liga honetan ere lehen postua lortzeko asmo eta itxaropenarekin abiatuko da, nahiz eta horretarako lan egin beharko duen.

Oraingoz ez dira kanpora lehiatzera joango

Euskal Herriko segalariek izen handia hartu dute jadanik Europan zeharreko lehiaketa eta torneoetan, baina Almitza Elkartetik esan zigutenez, aurten ez dira, oraingoz behintzat, kanpora joango. Orain dela hilabete pasa jokatu zuten nazioarteko lehiaketa bat taldeka, eta lortutako emaitzak oso onak izan ziren, eta horrek gonbidapenak jasotzen joateko balio izan zien, baina kanpora joateko diru asko behar da, eta horixe da gaur egun falta dena. Beraz, etxean jarraituko dute lanean, datorren urtean jokatuko den Europako Txapelketari begira, eta Euskal Herrian bertan nazioartean jokatzen den modu honi indarra ematen. J.L.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo