Kartzela berriak, presoenganako ezaxola bera
Azken lau urteotan, gutxienez 33 preso hil dira Hego Euskal Herriko espetxeetan. Estatuaren zaintza zuzenaren pean zeuden 33 lagun. Kopuru ikaragarri hori, besteak beste, Estatuko arduradunen axolagabekeriaren erakusgarri da. Hildako horien ehunekorik handiena Langraizko kartzelari dagokio. Joan den irailean, ordea, Zaballako espetxea inauguratu zuten, Langraiztik gertu, berriki zabaldu duten Iruñekoaren antzera ondo eta eroso bizitzeko lekua dela adierazita, presoen gaineko ardura handia erakutsi nahiz. Herenegun jakinarazi zutenez, Zaballako kartzelan joan den igandean 30 urteko gipuzkoar bat hilik agertu zen ziegan. Eta atzo, Salhaketa heriotza horren gaineko informazioa biltzen ari zela, kartzela berean orain dela bi aste 64 urteko bilbotar bat ere hil zela jakin zuen. Hildako preso horrek gaixotasun larria zuen, eta bost hilabete kartzelako erizaindegian egon ondoren, ospitalera eraman zuten, hiltzera. Zaballako kartzela berria eta handiagoa da, baina ez dira aldatu presoen bizi baldintzak. Pilatuta jarraitzen dute, eta behar duten arreta jasotzeko baliabiderik gabe. Kartzela «moderno» horren erakusleihoaren atzean, espainiar agintarien presoenganako ezaxola nabarmena baitago, eta heriotzak ezkutatzen saiatzeko eta ikerketarik ez egiteko ohitura bera. Espetxe berriak gorabehera, espetxe sistema bera da eta.