Busturialde eta Lea-Artibaiko lanpostu suntsiketaz ohartarazi du LABek
Krisia hasi zenetik, Busturialdea eta Lea-Artibai eskualdeetan langabezia bikoiztu egin dela jakinarazi du sindikatuak eta Estatu espainoletik datozen erreformek egoera are larriago egiten dutela gaineratu du. Horregatik, burujabetza ekonomiko eta politikoa aldarrikatu ditu.
GARA |
«Espainiak inposaketa eta pobrezia bakarrik ekartzen digu, Espainiak hondoratzen gaitu»; hori adierazi zuten atzo Busturialdeko eta Lea-Artibaiko LABek. Sindikatuak eskainitako datuen arabera, azken lau urteetan lanpostuen galera bikoiztu egin da Bizkaiko bi eskualde hauetan. Lea-Artibain zehazki, lanpostuen %13,5 suntsitu dira eta Busturialdean, aldiz, %16,2.
Langabezia tasa bikoiztu egin da bi bailaretan, Busturialdean %12,53koa da eta Lea-Artibain %10,16koa. Herri kaltetuenak Bermeo (953 lanpostu gutxiago), Gernika (750 lanpostu gutxiago) eta Lekeitio dira (220 lanpostu gutxiago).
LABek azaldu zuenez, «egoera benetan larria da eskualdean eta Euskal Herri osoan orokorrean». Horren aurrean, «Estatu espainolak inposatutako erreforma guztiek» enpresei «kaleratzeak eta lanpostuen suntsiketa gero eta errazago eta merkeago egiteko» ahalmen guztia ematen dietela salatu zuten.
Erreformen bidez, enpresek lan hitzarmenak alde batera utziz soldatak jaisteko eta lan baldintzak aldatzeko aukera daukatela adierazi zuten, eta egoera honen ondorioak langileek ordaintzen dituztela. LABen hitzetan, kalteak argiak dira: «lanpostu gehiago suntsitzea, langabezia igotzea eta herritarrak pobrezia eta bazterketa sozialera kondenatzea».
Gainera, egoera honen erantzule bakarra Estatu espainola dela salatu zuen sindikatuak, «hartutako bidea, krisia konpondu beharrean, aberastasunaren metaketan oinarritutako sistema neoliberala mantentzera begira baitago, herritarren lan eta bizi baldintza guztien gainetik».
Euskal Herriak bere bidea
Egoera honen aurrean, krisia gainditzeko eredu ekonomiko eta sozial berri bat eraiki behar da, LABen iritziz. Horrela, ekonomia pertsonen zerbitzura jarriko duen eredua beharko lukeela gaineratu zuen. «Gure alternatiba bakarra, guk geuk, Euskal Herritik, geure bidea egiten hastea da», ondorioztatu zuen.
Epe laburrean, ezinbestekotzat jo zuen lan erreformak indargabetu nahi dituen herrialdekako lan hitzarmenak babestea. Bide horretan, hurrengo astean metalgintzako sektorean akordio sektorialean, euskal esparrua defendatzeko lanketa bati ekingo diote. Asteartean informazio banaketa eta auto karabana bat egingo dute.
LABen ustez, ezinbestekoa da lan harremanak langileek erabakitzea. Horregatik, lan erreformak indargabetu nahi dituen herrialdekako lan hitzarmenak babestera deitu zuen.