GARA > Idatzia > Kultura

Bainujantzien erabateko aldaketa: estaltzetik apaintzera

XX. mendean azkarren aldatu den jantzia izan da bainujantzia, batez ere emakumeen gorputza tabu eta aurreiritzietatik libratzearen ondorioz. Bertze muturrera igaro gara orain. Cristobal Balenciaga Museoko erakusketak bilakaera hori jasotzen du, Beverly Birksen 57 piezarekin.

Maider IANTZI | GETARIA

Beverly Birks erakusketaren komisarioak hagitz gazterik ekin zion jantziak biltzeari, eta 40 urtetik gora darama dagoeneko. Azaldu zuenez, lan horretan hiru eremuren eragina izan du: alde batetik, goi mailako joskintzarena, bertzetik zinemarena, eta batez ere kirol jantzien sorkuntzarena. Azken arlo honetan, erabateko aldaketa gertatu da: gorputza estali-estalita edukitzetik gero eta gehiago agertzera igaro dira emakumeak.

Birksek oroitu zuenez, bainujantzien historia hasi zenean, XIX. mendean, emakumeen gorputza tentagarritzat hartzen zen, deabruarena zen, eta bere funtzioa ugaltzea zen. Adibide gisa kontatu zuen bera Montrealen jaio zela eta han, amatxik ezin zuela ez bozkatu ez jabetzarik izan. Aitaren ondasunak alabaren senarrarengana igarotzen ziren zuzenean. Erran zuenez, bainujantziekin antzeko zerbait gertatzen zen: haurrak eta gizonak ziren hondartzara joaten zirenak, eta emakumeek, joatekotan, tapa-tapa eginda joan behar zuten, bainatzeko deserosoak ziren jantziekin.

«Erabat estalita egotetik bainujantziak gorputzaren apaingarri soil izatera pasatu gara, eta nik ez dut apaingarri huts izatea nahi, batzuetan gertatzen den bezala», agertu zuen.

XIX. mende amaierako emakumeen askatzearen euforia horrekin hasten da Getariako Cristobal Balenciaga Museoan ireki duten erakusketa. Argazkietan, kontent agertzen da jendea, hondartzan egoteagatik pozik. Gorputzak zuri daude, eguzkirik hartu gabeak dira-eta.

Geroztik, azkar eta ikaragarri aldatu dira hondartzako jantziak, eta zinema horren isla izan da. Adibidez, 1930eko hamarkadan latexa sortu zen eta zinemako aktoreak hasi ziren erabiltzen.

Baina gorputza erakuste hori ona izan da emakumeentzat? Komisarioaren esanetan, hasieran bai: igeri egin zezaketen, libreago ziren... Baina gero, muturreko zerbait bilakatu zen, eta horrekin lotuta etorri ziren bularra handitu ala txikitzeko operazioak, baita anorexia eta bulimia ere.

1880ko piezak

Javier Gonzalez de Durana Balenciaga Fundazioko zuzendariak nabarmendu zuenez, erakusketa honetako piezak garaikoak dira, ez kopia edo imitazioak, eta zaharrenak, 1880koak, bakarrak dira.

Euskadiko Filmotekak utzitako bideo batzuekin barneratu ginen bainujantzien ibilbidean, Donostiako, Donibane Lohizuneko eta Biarritzeko hondartzetako irudi zaharrekin. Toki Arkitekturak taldeak diseinatu du espazioa, lekuz aldatu, inguratu eta egokitu daitezkeen altzariekin, mugimendua sortzeko asmoz. Argi eta itzalekin jolastu dute, hondartzako isla eta sentsazioekin, urarekin, hondarraren urre kolorearekin eta oihalen marrekin.

Hondartza giro honetan, 1880ko jantziak ikusi genituen aurrena, bat umeena, kortserik gabea, eta bertzea emakumeena, kortsearekin. Birksek argitu zuenez, biak dira hagitz astunak, eta igeri egitea eragozten dute. Geroago etorriko dira igeri egiteko jantziak, puntuzko jantzi estu-estuak, adibidez, bi zatitan banatzeko gerriko eta guzti, nahiko pisutsuak oraindik. Aldaketarik handiena latexak ekarri zuen.

Balenciagak ez zuen bainujantziekin lanik egin, eta erakusketan goi-mailako joskintzako bertze diseinatzaile batzuen lanak bildu dituzte: Yves Saint Laurent, Lacroix, Hermes, Schiaparelli, Pucci eta Alexander McQueenenak, bertzeren artean.

Horietako batzuk, 1950 eta 1960 artekoak, neurrira eginak dira, goi joskintzako teknikekin, helburu argi batekin: emakumeak edertzea. Horregatik, ez zituzten bainatzeko material egokiekin egin, gehiago baitziren hondartzan jarri eta erakusteko. Hau urrezko aldia izan zen joskintzan zein bainujantzietan.

HITZALDIA

Beverly Birks komisarioak hitzaldia emanen du gaur, 12.30ean Balenciaga Museoan. Jantziak biltzen 40 urtetik gora daraman moda aditu hau XIX. mendetik gaur arte bainujantziek izan duten erabateko aldaketaz ariko da.

Fitxa

Erakusketa: Bainujantziak eta gorputzaren erakusketa. XX. mendeko historia alternatiboa.

Data: Gaurtik irailaren 23ra.

Antolatzailea: Balenciaga Fundazioak ekoitzi du eta Beverly Birks da komisarioa. Bertzeak bertze, Untzi Museoko Jose Mari Unsainen, Toki Arkitekturak taldearen eta Euskadiko Filmotekaren elkarlanez egina da.

Lekua: Aldamar jauregia, Cristobal Balenciaga Museoa.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo