GARA > Idatzia > Kultura> Ikus-entzun

«Conquistour»-ek salduta utzi ditu Ibarrako Gazte Festak

ETB eta Hostoil ekoiztetxea «Conquistour» programa grabatzekoak ziren bihar Ibarrako Gazte Festen egitarauaren barruan. Egun baten faltan, telefono dei baten bidez jakinarazi diete ez dela saiorik izango. Jarrera «ulertezin» eta «miserablea» izan dutela salatu dute Ibarrako gazteek.

p061_f01_154x93.jpg

Ane ARRUTI | BILBO

Udako denboraldirako programa izar moduan aurkeztu zuten ETBko arduradunek «Conquistour». ETB2n inoizko ikusle kopuru onenak lortu dituen azkenengo «El Conquistador del fin del mundo» programako lehiakideak festarik festa ibiliko dira, herritarrekin duelu ikusgarriak eginez.

Baina uda hasterako hasi dira arazoekin, atzo abiatu eta bihar arte iraungo duten Ibarrako Gazte Festak salduta utzi baititu azken momentuan. Hori salatu zuten atzo arratsaldean Ibarran bildutako herritarrek. «Ostegunean, Ibarrako Gazte Festak asteko egun bat falta zenean, Ibarreko udaletxera telefonoz deitu zuten `Conquistour'-eko arduradunek. Ez zirela Ibarrara saioa grabatzera etorriko esan zuten. Ondoren, gurekin jarri ziren harremanetan, gauza bera esateko. Beti ere telefonoz. Guk azalpenak eskatu genizkien eta, gure ustez, horiek oso eskasak izan ziren: segurtasuna eta grabatzeko arazo teknikoak aipatu zituzten», salatu zuten.

Bihar, ekainaren 17an, Gazte Festetako igandean, «Conquistour» grabatzea adostu zuten Hostoil ekoiztetxearekin. «Hilabeteko epean, eurak baldintzak jarri eta jarri aritu dira, eta guk eskatutako guztia egin dugu, behin eta berriz. Gauzak horrela, duela 15 egun, `Conquistour'-eko arduradunak Ibarrara etorri ziren. Probak egiteko bi alternatiba eman genizkien, eta eurek eliza eskalatzearena aukeratu zuten. Egun horretan, hainbat baimen lortu behar genituela esan ziguten, eta guk, beste behin ere, eurek eskatutakoa lortu genuen, Udalaren eta elizaren laguntzaz».

Asteazkenean bertan arduradunak Ibarrara itzuli ziren eta kanpandorrerako igoera euren aurrean egin zuten. «Errekako ibilbidean moldaketa bat egiteko eskatu zuten ondoren, eta guk inongo arazorik ez zegoela esan genien; grabaketarako igogailu bat eta guzti lortu genien, doan. Ibarratik baiezkoarekin joan ziren asteazken iluntzean».

Horregatik, ostegunean telefono dei batez ezezkoa jasotzea «ulertezina» dela uste dute herritarrek, «eta baliabide tekniko nahikoa ez dutela esatea, adarra jotzea dela iruditzen zaigu». Gazte Festek irauten duten hiru egunetako bat osorik «Conquistour»-i eskainita zegoen eta horrela erakusten dute dagoeneko bazter guztietan dauden kartelek. «Orain, hutsik gelditzen da egun oso bat. Hogei urte baino gehiagotan, Gazte Festetan ez da inoiz egun bat hutsik gelditu, eta jokaera miserableek ez dute hori lortuko. Jaiak hasteko ordu batzuk falta direnean, salduta utzi gaituzue!», esan zuten.

Kaltea egina badago ere, biharko egitarau berri bat inprobisatu dute gazteek. 17.00etan ume jolasak izango dira eta ondoren kanpandorrean aurreikusita zegoen duelua egingo dute, herriko bi anaia beste bi anaiaren aurka.

AZKEN MOMENTUAN

Asteazkenean saioaren arduradunak Ibarran izan ziren frogak egiten. Ostegunean dei egin zuten ez zirela Ibarran izango esanez. Ostiralean hasi ziren jaiak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo