GARA > Idatzia > Kultura

Tokikom jardunaldiek euskal hedabideak aztertu dituzte

 


GARA | ARRASATE

Euskal hedabideen zein soziolinguistika, unibertsitate eta politika arloko 100 bat lagun elkartu ziren atzo Arrasaten, Topaguneak eta Tokikomek antolatutako jardunaldietan. Zein esparru komunikatibo behar du XXI. mendeko euskal hiztun komunitateak? Galdera horri erantzuteko oinarrizko gakoak aurkitzen saiatu ziren bertan.

Hedabideen mundua erabateko iraultzan sartuta dagoen honetan, euskarazko komunikabideen jarduera aurrera begira egokitzen hasteko «ezinbesteko hitzordua» dela azpimarratu zuten antolatzaileek. Lakuako Gobernuaren, Gipuzkoako Aldundiaren eta Mondragon Unibertsitatearen laguntzaz, egitarau betea izan zuen topaketak, alderdi teorikoa eta praktikoa uztartuz.

Goizean alderdi teorikoa landu zuten batik bat: hasteko, HUHEZIren Sorguneak ikertegiko Nekane Goikoetxeak hedabideen funtzio soziolinguistikoen inguruan jardun zuen, esaterako.

Bazkalostean, berriz, parte-hartzaileek goizean  proposaturiko ideiei buruz eztabaidatzeko tartea izan zuten, kezka, desadostasun eta lehentasunak non dauden antzemateko.
Jarraian mahai-ingurua izan zen, hedabideen sektoreko aritu eta adituekin. Inazio Arregi (Tokikom), Xabier Letona (“Argia”), Iban Arregi (“Berria” taldea) eta Nerea Azurmendi (“Diario Vasco”) izan ziren gonbidatuak, euskal hedabideen inguruan duten ikuspegia azaldu eta bazkalostean mahaietan atera ziren kezken inguruan hitz egiteko. Azaldutako kezka nagusiak uztailean zehar lasaiago lantzeko aukera ere egongo da, Tokikomek eta Topaguneak egingo dituzten tailer monografikoetan.
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo