Bastida Ikastolak guztia prest dauka, bihar Araba Euskaraz ospatzeko
GARA | GASTEIZ
Urtebeteko lanaren ostean, dena prest dago jada Bastidan, bihar Araba Euskaraz ospatzeko. Laugarren aldia izango da Bastida Ikastolak ospakizuna bere gain hartuko duela. Azkena orain dela lau urte egin zuen.
«Barneratu, barreiatu» leloari Nahixan taldeak jarri dio musika, baina ez da bihar Bastidan entzungo den doinu bakarra aukera zabala izango baitute musikarekin gozatzen dutenek. Lehenengo gunean, 14.30etik aurrera Entropia, Bizardunak (16.30) eta Oihan Vega DJ Diskofesta (18.30) izango dira. Johny & Joseph (12.00), Gatibu (13.30), Nahixan (15.30) eta Ze Esatek! (17.30) bestalde, laugarren gunean izango dira.
Haurrentzat berriz, puzgarriak, pailazoak eta euskal karaokea egongo dira. Hauek guztiak hirugarren gunean.
Hala ere, bertaratzen den orok xehetasunik gal ez dezan pantaila batean guneetan gertatzen denaren berri emango dute antolatzaileek.
Asko dago egiteko
Dagoeneko Arabako ezker abertzaleak parte hartu du igandeko festan, euskalduntze prozesuarekin, hezkuntza-sistema euskaldunekin eta oro har euskararekin duen konpromisoa berretsi nahi duelako. «Araba Euskarazen lehen edizioa ospatu zenetik 32 urte pasa badira ere, Araban eta, batez ere, Arabako Errioxan gauza asko egiteke daude oraindik», azaldu du ezker abertzaleak.