GARA > Idatzia > Mundua

Txinak emakumezko astronauta bat bidaliko du espaziora aurrenekoz gaur

Liu Wang espaziora joango den Txinako lehen emakumezko astronauta da. Bi astronautarekin batera aterako da gaur «Shenzou IX» espazio-ontzian eta «Tiangong I» modulura akoplatzea izango dute helburu.

p029_f02_046x080.jpg

GARA | PEKIN

«Shenzhou IX» espazio-ontzian, Txinak emakume astronauta bat bidaliko du espaziora lehendabiziko aldiz. «Eskerrak eman nahi ditut, ohoratua sentitzen naiz ehunka milioi emakume txinatarren izenean hegan egingo dudalako», adierazi zuen Liu Wang astronautak jaurtitzeko plataforman egindako prentsaurrekoan.

Astronauta izateko «ezagupide teoriko handia lortu behar izan dut eta azterketa eta entrenamendu gogorrak egin behar izan ditut», azaldu zuen Liuk.

«Misioaren zentzua eta erantzukizuna dira zailtasunak gainditzeko behar den kemenaren iturriak», gaineratu zuen.

1997an Herri Askapen Armadan sartu zen eta 1.700 hegaldi-ordu dituen pilotu aditua da. Armadaren aire unitate baten zuzendariordea da.

Bere bozeramaile Wu Pingek esan zuenez, astronauta bi gizonekin joango da eta «lanaren eraginkortasuna hobetuko duela» espero da. Wuren esanetan, orokorrean, emakume astronautek bakardadeari aurre egiteko egonkortasun psikologiko eta trebetasun handiagoa dute.

Horrela, Liu espaziora joandako 50 emakume baino gehiago jasotzen dituen zerrendan sartuko da. Lehena Valentina Terexkova errusiarra izan zen 1963an, Yuri Gagarin Lurretik espaziora abiatu eta bi urtera. Hautaketa prozesuan emakume ezkonduek eta seme-alabak dituztenek zuten lehentasuna, espazioko erradiazioak antzutasuna sor dezake-eta. Hala ere, Liuk ez du seme-alabarik.

Misio honen bitartez, Txinak lehenengo aldiz tripulazioa duen espazio-ontzi bat akoplatuko du irailean jaurti zuen «Tiangong I» modulura. Modulu hori tripulatzaileak eta hamar egunez egingo dituzten esperimentuak hartzeko prestatuta dago. Akoplatzeko prozedura ezinbesteko urratsa da espazioaren konkistan, AEBek eta Errusiak 1960ko hamarkadan egin zutena. Jing Haipeng eta Liu Yangekin batera, 18.37ean «Shenzhou IX» ontzian sartuko da Liu. Txinako Gobiko basamortuan dagoen Jiukuan Satelite Jaurtiketa Zentrotik kohete batek espaziora higiaraziko du. Atzo arratsaldez erregai-horniketa hasi zen eta misioaren bozeramaile batek «kontrol sistema guztiak prest daudela» eta astronauten egoera fisikoa «ona eta egonkorra» dela baieztatu zuen.

Laugarrena tripulazioarekin

Joan den otsailean iragarri zuten «Shenzhou IX» espaziora bidaliko zutela, baina orduan bakarrik esperimentuak egiteko animaliak eta haziak eramango zituela esan zuten Txinako agintariek. Ez zen espero 2013 arte tripulazioa eramango zuen espazio-ontzi bat jaurtitzea.

Biharkoa Txinak egingo duen laugarrena izango da. Aurrekoak 2003an, 2005ean eta 2008an egin zituen.

Espazioaren konkistan emango duen hurrengo pausoa 2020an espazio-estazio bat eraikitzea izango da, Mir errusiarra edo ISS estazioaren modukoa, «Tiangong I» modulua ordezkatzeko. Eta helburu hori izango dute hurrengo misioek.

Pekinen esanetan, Txina da espaziora jaurtiketa gehien egiten duen herrialdea, Errusiaren ondoren. Hala ere, mendebaldeko adituen arabera, bere maila teknologikoa AEBek eta Sobietar Batasunak 1960ko hamarkadan zutenaren parekoa da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo