GARA > Idatzia > Euskal Herria

Patakon gaztetxea Uribarrik behar duen gune soziokulturala dela esan dute ozen

Patakon gaztetxeko kideek manifestaldia egin zuten atzo. Uribarrik merezi duen espazio soziokulturala aldarrikatu zuten eta proiektuari babesa eskaini zioten. Bestalde, asteartean gaztetxean izandako jazarpen polizialari auzokideek emandako erantzuna nabarmendu zuten.

p022_f01.jpg

Jon ADAN |

Duela hamahiru egun jaio zen Patakon gaztetxea eta bertako kideek proiektuaren aldeko manifestaldia egin zuten atzo. Gazteek Uribarrik egun ez duen espazio soziokulturala aldarrikatu zuten horrela. Martxa, Uribarriko eskoletako plazatik irten zen eta gaztetxean amaitu zen.

Auzoko bi gaztek irakurri zuten komunikatuan Patakon gaztetxearen helburua plazaratu zuten: «Uribarri piztea du helburu Patakonek. Lan filosofia bat da, autoantolatua eta finean autogestionatua. Egungo sistemaren aurrean alternatibak planteatzen eta Uribarrik dituen hutsuneak betetzen lagunduko digun tresna».

Hori aurrera eramateko proiektuak dituen zortzi oinarri sendoak plazaratu zituzten: autogestionatua, asanblearioa, parte-hartzailea, parekidea, euskalduna, auzotik eta auzoarentzat egina, sortzailea, anitza eta askea.

Bestalde, asteburu honetan, larunbatean, Uribarriko Euskaraz Bizi eguna ospatuko da eta iganderako lan eguna deitu zuten. Uribarri «lotarako auzo» bilaka ez dadin eguerdiko hamabietatik aurrera «brotxa eskuan hartu» eta gaztetxean lan egitera dei egin zieten auzokideei.

Jazarpen poliziala salatzen

Martxak beste helburu batzuk ere bazituen, asteartean Patakon gaztetxeak jasandako jazarpen poliziala salatzea adibidez. «Arratsaldeko zazpiak inguruan kalez jantzitako bi gizon sartu ziren, porrekin zihoazen kideak atzean zituztela modu oldarkorrean sartu ziren gaztetxera. Guztira, 19 lagun identifikarazi zituzten eta adin txikiko bati zaplaztekoa eman zion ertzain batek. Azkenean, gaztetxea nahi dutenean hustu dezaketela mehatxu eginez alde egin zuten», adierazi zuten gazteek.

Patakon gaztetxeko kideek bidegabeko ekintza honi auzokideek emandako erantzuna nabarmendu zuten. «Minutu gutxitan ehun pertsona baino gehiago bildu zen Patakonen kanpoaldean. Pozez eta Uribarriren aldeko oihuekin bidali zuten polizia. Bestalde, astebetean 1.000 sinadura jaso dituzte eta 1.000 lagun edo talde baino gehiago hurbildu da Matiko kalera eta proiektuari babesa eskaintzera», adierazi zuten.

Azkenik, egoera desblokeatzeko eraikinaren jabeei borondatea izateko eskatu zieten. Bestalde, Udalari tentuz jokatzeko eskatu zioten, Uribarrin arlo soziokulturalean dagoen hutsunean ardura handia duelako.

IRAULTZAILEA

Uribarri piztea du helburu Patakonek. «Lan filosofia bat da, autoantolatua eta finean autogestionatua. Egungo sistemaren aurrean alternatibak planteatzen dituena», adierazi zuten gazteek.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo