HAUR ETA GAZTE LITERATURA
Amonaren etxea
Asun AGIRIANO
Ipuin tradizionaletatik dakigu, «amonaren etxea» aipatzen zaigunean, ez dela beti toki lasaigarri eta baketsua izaten, ezen batzuetan leku urrun horretara iristeko haurrak arriskuz betetako bidea zeharkatu behar izaten baitu, ezuste franko izan, eta oztopo ugari gainditu. Haurraren irudimenean amonaren etxe bakartia eta otso maltzurra betirako lotu dira.
Gaurko kontakizunak otsoa ez, baina izaki beldurgarri eta misterioz betea aurkezten digu. Ezer ez da itxura batean den modukoa, eta idazle zein marrazkilaria, keinu ugariren bitartez, irakurlearen konplizitatearen atzetik dabiltza.
Ipuina hasi aurretik, ikusten dugu amona ere ez dela ohikoa: kapela beltz luzexka jantzita, erratza eskuan duela, bilobaren etxean agertzen da urtebetetze eguna ospatzeko, baina etxeko sotoan utzi du ahaztuta tarta goxoa.
Jarraian datozen orrialdeetan basoa zeharkatzen du neska protagonistak, arineketan abiatzen da tartaren irudia gogoan, eta animalia bitxiek zelatatzen duten bitartean.
Hara non etxearen aurrean amonari laguntzen dion etxezaina agertzen zaion, Zuuuuuu…! ozenki esanez eta behatzarekin seinalatuz. Beldur giroan murgildu gaitu idazleak, eta marrazkilariak tonu ilunetan aurkezten dizkigu ezagunak egingo zaizkigun pertsonaiak: Frankenstein ospetsua Francis da, mamua beste gelan, Drakula sofan etzanda, eta abar. Amonaren etxean bizilagun ugari, eta tartaren arrastorik ez!
Kontakizuna lehenengo pertsonan dago harilkatua, eta argibideak ematen dira parentesi artean, pertsonaiak hobeto zehazteko: «Amonari batzuetan gauzak ahaztu egiten zaizkio, edo katuengana hurbiltzen banaiz, doministiku hasten naiz», dio neska protagonistak. Egitura errepikatzailea da, eta elkarrizketa nagusi: Zuuuuuuuu…! Nor? Ni? Bai, zuuuuuu! Ni ez!!.
Umorezko eta beldurrezko istorioa dugu, bi osagai garrantzitsu eta arrakastatsu haurren ipuinetan. Istorio dibertigarria, irakurlearen partaidetza eskatzen duena eta antzezteko ere aproposa.
Idazlea izateaz gain, kontu kontalaria ere bada Pep Bruno, Guadalajaran bizi dena eta bertako Ipuin Maratoiaren bultzatzailetariko bat. Egileari OQO Galiziako argitaletxeak iaz lehenengo aldiz kaleratu zion honako liburu ilustratu hau eta, Txalaparta euskal argitaletxearekin dagoen lankidetzari esker, haur euskaldunei eskaintzen zaigu orain. Lehendik, 2010. urtean bagenuen “Z familia”, hura ere ezohiko familia.
Italiatik datorren Matteo Gubellini marrazkilariak (Bergamo, 1972) testuak dioena baino gehiago kontatzen digu. Ilustrazioak aberatsak dira oso, eta argi-ilunen ñabardurak ekarpen onuragarria dira. Pastel teknika erabiliz, espazioa eta sakontasunaren bilaketa antzematen da. Emaitza edo konposizio guztiak ezberdinak dira eta giroa lortua dute. Izan ere, marrazkiek beldurrean eta misterioan murgiltzen gaituzte.
Amonaren etxean bizi diren pertsonaiak izu-ikara eragitea dute helburu, zine eta beldur istorioetatik ezagunak ditugun pertsonaiak dira, alegia. Haurra pertsonaia fantastikoek erakartzen dute, eta irudimenezko mundu propioak sortzean gozatu egingo du.
Lasaitua eta sosegua bukaeran etorriko dira, istorio umoretsua eta dibertigarria dugu, umore gozagarria. Garrantzitsua da gurasoen inplikazioa haurraren irudimena elikatzeko eta indartzeko. Liburu honek ematen du horretarako bidea.