Estibalitz EZKERRA | Literatur kritikaria
Mundua konkistatzen (eta II)
Aurreko astean Bakhtinek esandakoa ekartzen nuen gogora, nola hizkuntza asmoz beterik dagoen. Derridak horri gaineratuko dio hizkuntza tranpa bat dela, hizlariaren ideologia agerian uzten duelako. Kontua ez da askatasunez hitz egiteari uztea, baizik eta hitzen esanahiari erreparatzea. Patagoniara gerturatu ziren lehen europarrak (euskaldunak ere tartean izan ziren haren konkistan; zalantzarik duenak ikus ditzala «La guerra de las lanzas» eta «Basamortuko gerra» delakoen kronikak, biak ala biak Argentina nazio-estatua eraiki nahi zuten kreolek bultzaturikoak) «basamortu» hitza erabili zuten ingurua deskribatzeko, «basamortua» den lurrak jaberik ez baitu eta, beraz, erraz beregana dezake batek eremu hori. Taktika berberak jarraitzen gabiltza Patagonia «munduaren amaiera» izendatu eta «konkista» hitza hain modu arduragabean erabiltzen dugun bakoitzean. Gure iruditerian Hego Amerikako eremu horrek lehen europar kolonizatzaile haientzat errepresentatzen zuen gauza bera errepresentatzen du: ezezaguna dena, arriskua. Halako ideiak geure buruetatik eta hizkuntzatik kentzen ez ditugun bitartean, gugan dagoen kolonizatzaileak ozen hitz egiten jarraituko du.