Inazio MURUA
Urkiolatik Bastidara Iruñean barna
Aasteazken buruzuri baterako ez dago batere gaizki, ez horixe. Munduan beste asko legez (gero eta gutxiago baina), goizean lanean ari ginela, Tomax agertu zen. Zemouzaspaldiko, ondotazuek, hainbesteanzerdelataemendik, lankontuak... Eta halako batean, komunetik Joxe atera zen, ohi bezala oihuka: Hi! Zenbat ditik hilak? Hamahiru, esan nion nik. Eta Tomaxek: «Bai, San Antonio eguna». «¡No jodas!», atera zitzaidan niri, eta berak: «Ahal dena egiten diagu, motel, baina bikotekide bila zabiltzatenok gaur duzue egun aproposa». Egia. Akordatu ere ez; edonola ere, niri horrelako tradizioak txorakeria iruditzen zaizkit, beste alde batetik horiei eusteak gure kultura aberatsago egiten duela uste dudan arren.
Egun horretako goiz goibelak arratsalde argitsu eta ederrari eman zion txanda, eta lanetik irtendakoan, ia konturatu gabe Urkiolara bidean nindoan. Hara iritsi eta zuzen tximistarriaren inguruan buelta batzuk egitera jo nuen. Sekula egin gabea nintzen ordu arte. Errituala egin gabea, alegia, inguru horretan sarritan ibili izan naiz eta. Ondo ezagutzen dut parajea: Urkiolamendi, Anboto, Oriol, Tellamendi, Besaide... ibilbide politak eginda nago mendi horietan. Azkena, Urteberri-egunean, Tellamendirainoko txango txikia lagunekin, xanpain botila eta zainzuri potoa aldean. Ibilaldi labur eta lasaia, urte berriari ongietorria egiteko. Bukaera izan zen gogorrena, bazkalaurrean Aramaion trago batzuk jotzera joan ginenean. Hura bai, erreskate premia gorria.
Urkiolan izan nintzen, beraz, eta etxerakoan nire lagun Berritsuri hots egin nion (Berritsu, baina ez kalakari edo hitzontzia delako, ezta hurrik eman ere, Jokin gizon neurritsu, burutsu eta zentzuduna da eta. Kontua da Berriatukoa dela, besterik ez), asteburuon Araba, Bizkai eta Gipuzkoako inguru hartara joatea proposatzeko. Beste plan bat zeukala esan zidan berak, larunbatean Nafarroako inguru batera joatea: Iruñera. Eta Nafarroa bizirik dagoela ikusarazi ondoren, gaur Bastidara, Arabako Errioxan ere euskara bizirik dagoela ospatu eta aldarrikatzera.
Eta bai, asteazkenean, San Antonio egunez, Urkiolan izan nintzen. Baita, biharamunean bertan, bikotekidea topatu ere. Eta gaur oso urduri nago, hitzordua dut-eta harekin. Arratsaldean mus txapelketako lehen partida jokatuko dugu.