Diputatu eserlekuak erdiesteko lehia bizia
Gaurko bozka egunarekin amaituko dira Legebiltzarrerako hauteskundeak. Ipar Euskal Herriko hiru hauteskunde-barrutietan sozialistak eta UMP edo Modemeko hautagaiak lehiatzen dira. Lehen aldiz, Euskal Herriko diputatuen jarlekuak sozialistek eskuratzeko aukera dute.Ainize BUTRON |
Ipar Euskal Herriko herriko etxe eta eskolek ateak zabaldu dituzte, berriz ere, gaur goizean, Frantziako Legebiltzarrerako hauteskundeei amaiera emanen dien bigarren itzuliari lekua uzteko. Hiru hauteskunde-barrutitan zatiturik, zonaldeka, Alderdi Sozialistako Sylviane Alaux, Frantxua Maitia eta Colette Capdevielle, eta parean dituzten UMPko Jean Grenet eta Michele Alliot-Marie, eta Jean Lassalle Modemeko zentrista laugarren barrutirako; hautagai horien artean aukeratu beharko dute hautesleek.
Bost egun labur iraun duen kanpainan hautagaiak norgehiagoka aritu dira, hautesleen bozak erdiesteko ahaleginean.
Lapurdi hegoaldea eta Luhoso arteko herriak biltzen dituen seigarren barrutian, esate baterako, Michele Alliot Mariek eta Sylviane Alauxek AHT linea berria izan dute euren arteko eztabaidagai nagusia. Sarkozyren ministro ohiak proiektuaren aurkako adierazpenak eginak izan ditu behin baino gehiagotan, eta horiek berretsi ditu azken egunotan, sozialistak proiektuaren alde daudela agerian jartzeko. AHTren gaia erabakigarria izango da hauteskunde-barruti horretan gaurko emaitzetan.
Laugarren eta bosgarren barrutietan, berriz, hautagaien arteko trukeak gogorragoak izan dira. Kanpaina orotan gertatzen diren hitz eraso, irain eta gatazkak nabarmenak izan dira. Diputatu kargua galtzeko zorian dagoen Jean Grenet izan da gogorrena, PSko Colette Capdeviellek dosierrak lantzeko duen ezgaitasuna mahai gainean jarriz.
EH Bairen bozekin lehia
Aurreko kanpainetan ez bezala, elementu berria barnatu da bigarri itzuli horretan. EH Baik ez du hautagairik mantentzea lortu, baina bere aldarrikapenei eutsi die. Alderdi hau hauteskundeen lehen itzulian hirugarren geratu zenez, sozialistek argi erakutsi dute boz abertzale horiek berenganatzeko nahia.
EH Baik kontsignarik ez zuela emanen erran ondoren, joan den asteazkenean, galdeketa helarazi zieten alderdi sozialistari eta zentristari hainbat aldarrikapenen gainean: gatazkaren konponbidea, AHT proiektua, euskara eta lurralde elkargoa. Modem izan da alderdiaren zigiluarekin erantzun duen bakarra. Galdera guztiak erantzun ditu, herri elkargoarena izan ezik. PSk, berriz, ez du bere izenean erantzunik eman, eta, ondorioz, koalizio abertzaleak sozialisten jarrera damugarritzat jo zuen: «Jakinez duen arazo nagusia, hain zuzen, abertzale munduak eurenganako duen konfiantza eskasa dela; arazo horren elikatzea da manera hoberena eskuina boterean mantentzeko». Capdeviellek eta Alauxek euren izenean erantzun dute.