Ekoizpen eredu iraunkor eta autonomoak eskatu dituzte nekazariek
Azken urteotan Europan bultzatzen ari den Nekazaritza Politika Bateratuaren aurrean, ekoizpen eredu iraunkor eta autonomoak aldarrikatu zituen atzo Etxalde baserritar eta laborarien mugimenduak Azpeitian egindako biltzarrean. «Ez dugu laguntza gehiago aldarrikatzen, diru publikoaren bestelako erabilera baizik», nabarmendu zuten. Urriaren 27rako manifestazio nazionala deitu dute Bilbon «Elikadura, herritarron eskubidea» lelopean.
Joseba SALBADOR |
Etxaldek, nekazaritza iraunkorraren aldeko mugimenduak, hirugarren batzarra egin zuen atzo Azpeitian, elkarteak orain arte egin duen ibilbidea aztertu, elikadura-burujabetzaren etorkizunaren gainean eztabaidatu eta nekazaritza politiken inguruko proposamenak zehazteko.
Bilkuran agerian geratu ziren egun nekazaritza sektoreak bizi duen egoeraren zenbaki deigarriak, mundu mailan gosea pasatzen dutenen kopuruaren hiru laurdenak nekazariak baitira, hain zuzen elikagaiak ekoizten dituztenak. Aitzitik, elikadura-industriako enpresak etekinak gehitzen ari dira, «produktuaren prezioaren %75 bereganatzen baitute eta laguntza publikoak metatzen baitituzte».
Etxaldeko kideen iritziz, Europako nekazaritza politikek jada alboratu egin dute merkatua erregulatzeko funtzioa eta 2003ko erreformaz geroztik laguntzen banaketarako katalogo bihurtu dira. Laguntza horiek, gainera, ez dira ekoizleentzat, enpresa handienentzat baizik.
Horren aurrean, Etxalde elkartearen batzarrak derrigorrezkotzat jotzen du nekazarien «elikagai-ekoizle» funtzioa berreskuratzea, agroindustriarako lehengai merkeen hornitzaile funtzioa alde batera utziz. Horretarako, Nekazaritza Politika berri baten ardatzak zehaztu behar direla aldarrikatu zuen, «merkatua kontrolatzeko aukerak berreskuratzeko, ekoizpena eta kontsumoa bateratzeko eta salneurriak ekoizpen kostuak baino txikiagoak izan ez daitezen».
Diru laguntza publikoek, Etxalderen iritziz, «prozesu hau lagundu behar lukete, laguntza horien jasotzaileak ekoizleak izango direla bermatuz». Hala ere, argi utzi nahi du nekazariek ez dutela laguntza gehiago eskatzen, «diru publikoaren bestelako erabilera baizik».
Bestelako ereduak garatu
Horrekin batera, bestelako eredu batzuk berreskuratu behar direla aldarrikatu zuen, «gure nekazaritza politiketarako askoz ere baliagarriagoak direnak, Austrian edota frantziar Alpeetan egin duten bezala».
Era berean, Euskal Herrian bertan ekimen eta proiektu berrien bitartez, «burujabetzaren garapena bultzatu beharra» nabarmendu zuten, horretarako «elikagaien ekoizle gisa lehen sektoreak duen garrantzia jendartean azalduz».
Etxaldeko kideek diotenez, gaur egun badira hainbat adibide Euskal Herrian bestelako proiektu eta egitasmoak posible direla erakusten dutenak. Horien artean aipatu zituzten salmenta zuzen eta transformazio guneak, eskualde mailako garapena sustatzeko proiektuak, ekoizle eta kontsumitzaileen artean sortutako kooperatiba berriak eta jantoki kolektiboetan tokiko ekoizpenekin abiatutako dinamikak.
«Proiektu hauek alternatiba egingarriak direla erakutsi dugu eta hauek sozializatzea dagokigu, eta ahal den neurrian biderkatzea. Ekoizpen eredu iraunkor eta autonomoagoetara jo behar dugu. Hori da irtenbidea», aldarrikatu zuten.