GARA > Idatzia > Kirolak> Mendia

eskalada I Bideak

Estutzeko proposamen berriak

Peña Montañesan «¡Que riesgo tiene la prima!» bidea zabaldu dute, eta Goñiko Sima sektorean luze batzuk askatu dituzte.

p042_f02_148x104.jpg

Andoni ARABAOLAZA I

Han eta hemen; hemen eta han. Berdin dio, beti dago norbait proposamen berriak egiteko eta ondo estutzeko aukerak eskaintzeko prest. Orri honetan, bederen, Huescako Peña Montañesara eta Nafarroako Goñira abiatuko gara; bietan ala bietan eskaintza berririk baitago.

Lehenik eta behin, Peña Montañesara joko dugu. Aitortu beharra dago ingurumari hartan dauden paretek oso aukera zabala dutela. Azken urteotan marra berriak sortzeko mugimendu arras interesgarria izan da. Eta emaitza ez da nolanahikoa izan. Dagoeneko 70 bidetik gora sortu dira; hauek guztiak, gainera, hainbat luzetakoak eta izaera alpinoa dutenak. Eta, horretaz gain, kirol eskaladako hainbat sektore zabaldu dira.

Bada, joan den maiatzean, Jose Mari Andres Chemari eta Mikel Saez de Uranainek «¡Que riesgo tiene la prima!» sortu dute. Hain zuzen ere, proposamen berria Buerda izeneko orratzean kokatuta dago. 160 metro eta bost luze ditu: 6b+, 7a, 6b, 7b eta 6c.

Sokada bi proiekturekin azaldu zen Peña Montañesan, eta, azkenean, bat aukeratu zuen. Marra berria «Presuntos homicidas» eta «Devorando la vida» marren artean dago. Hasiera oso nabarmena da: arrakala batetik hasten da, kobaren ezker aldean.

Bi eskalatzaile hauek ezagututa, argi zegoen oso material finko gutxi erabiliko zutela. Eta, Saez de Urabainek baieztatu digunez, horrela gertatu zen: «Zenbat eta seguru finko eta iltze gutxiago, gero eta hobe. Hori da gure filosofia. Horrela bada, oso material finko gutxi utzi dugu. Lehen bileran, iltze eta parabolt bana. Hirugarrenean, iltze bakarra. Hurrengoan, parabolt bat eta luzean iltze bat. Bidea osoa ondo babesten da friend eta mikrofriendekin. Hori bai, 4. eta 5. luzeetan mikroak klabeak dira».

Proposamen berria egin ondoren, gipuzkoarrak baieztatu du oso pozik dagoela eginiko lanarekin: «Eskalada honekin oso harro nago. Marra honek gure eboluzioan puntu bat gehiago estutzen utzi digula iruditu zait».

Goñin, estutzen

Huescatik Nafarroara egingo dugu salto. Izan ere, Goñiko bailaran dagoen Sima izeneko paretetan mugimendua izan da. Hain zuzen ere, leizaren ezkerrean dauden luze batzuk dagoeneko askatu egin dituzte. Ez guztiak, baina era librean eskalatu dituztenak oso gogorrak dira.

«Rumbo Sur» bidean, adibidez, hiru luzetatik bi askatu dituzte. Lehenak denbora zeraman era librean eginda. Bigarrena, berriz, Ae-n geratu da momentuz. Eta hirugarrena, sabaia, 7c bezala proposatu dute. Horrela bada, lehenbiziko luzerako soilik espresak behar dira. Bigarren luzerako, berriz, friendak eta fisureroak. Eta, artifizialean egin nahi bada, gakoak erabili behar dira. Eta, azken luzerako, berriro ere friendak eta fisureroak. Hiru luze «bakarrik», baina oso kalitate handikoak.

Krokisean ikusten den bezala, bide honek badu beste aldaera bat, «Zua-Zua» izenekoa. Berez, zabaldu zenean, 6c/A2+ bezala geratu zen. Baina izan dira ondo estutu eta artifizialeko korapilo hori askatu nahi izan dutenak, eta azkenean, hori lortuta, 8a+/b bezala geratu da.

Arratsaldeko ordu bietatik aurrera itzalean eskalatu daiteke. Baina, hori bai, gogoratu behar dugu ere pareta horretan eskalatzeko epea uztailean zabaltzen dela.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo