itsasoa
Munduko hamargarren txanpero lehiaketa izango da Cornwallen
Haritz LARRAÑAGA ALTUNA |
Irailaren 2an egingo dute World Bellyboard Championsips txapelketa Port Beachen, Ingalaterrako Cornwall kostaldean. Txapelketa hau txanpero edo ohol txapelketa da.
Aurtengoa hamargarren edizioa izango da. Martin Ward eta Chris Ryan izan ziren txapelketa hau antolatzen hasi ziren lagunak eta egun, oraindik, horretan jarraitzen dute.
Arthur Travellerren oroimenez hasi ziren txapelketa bitxi hau antolatzen. Arthur, aspaldi txanpero baten laguntzaz itsasoratzen zen Londresko gizon aberats bat zen, eta edozein urte sasoitan itsasoratzen zenez, lehiakideek ere, hark bezala, soilik antzinako bainujantzi bat eta txanperoa erabil ditzakete.
«Ez itsas jantzirik, ez txikotarik, ezta hegalen laguntzarik ere. Egur xafla eta antzinako bainujantzia», dio araudiak.
Hasiera batean parte hartzaileak gutxi ziren, baina azken urteetan sekulako oihartzuna izan du ekimenak, eta, egun, 300 pertsonatik gora sartzen dira Ingalaterrako ur hotzetan.