GARA > Idatzia > Euskal Herria

KRONIKA | mosaiko erraldoia donostian

Gipuzkoa aire garbiak bira dezan, zazpi koloreko errota

Zazpi kolore, haize errota erraldoi bat eta zero errausketa. Horixe, atzo Saguesen (Donostia) 5.000 tik gora lagunek aldarrikatu zutena. Eguraldia lagun, goiz ederra igaro zuten, kantuan, dantzan eta solasean, parte hartzaile nahiz kuxkuxeroek.

p014_f02.jpg

Garazi MUGERTZA I

«Sagues jendez lepo, koloretsu eta jendea aire garbia arnasteko gogoz», agertu zuen Maddi Gallastegi gazteak. Lagun artean gerturatu zen bera hiriburura, beste hainbat, haurrekin, aiton-amonekin edota lankideekin hurbildu ziren.

Adin eta herri ezberdinetako gipuzkoarrek musika, bertsoak eta aire garbia arnasten igaro zuten goiza, batzuk 10.00etatik hiriburura gerturatuz eta besteak eguerdian kolorezko kartulina eskuan, jada jendez gainezka zegoen Sagues koloreztatuz. Zenbait herritatik kolore bat hautatu eta jantziak ere haren arabera soinean jarrita agertu ziren, mosaikoa osatzeko prest. Baziren kartulinarik gabe azaldu eta bertan eskuratu zutenak ere. Guztiak, ordea, asmo bera buruan.

Eta, nola ez, ezin ahantzi Pirritx eta Porrotx pailazoak, ohikoa den moduan, arrakastatsu, haurrei -eta helduei- koloreek irudikatzen dituzten baloreak erakusteko prest. Sokatiran ere aritu ziren, «Errauskailua vs. Zero Zabor» guda irudikatuz. «Hobe borroka hau ez balego eta biztanleen aldeko apustua egingo balitz», esan zuen penatuta Mikel Erguin koreografoak.

Gerturatu zirenen artean baitziren hainbat aurpegi ezagun, tartean Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusia eta Xabier Mikel Errekondo Amaiurreko diputatua. Baina atzokoa «zabor, porlan, kutsadura, errausketa eta ke» grisari uko egin eta etorkizun bizi baten aldeko herritarren eguna zen.

Irakurketa labur bat eginez eman zioten amaiera goizean zehar izandako ekimenei.

Mosaikoa osatzeko orduan, guztiak lerro-lerroan, kartulina eskuan eta zegokien kolorea gogoan, hondartzara jaitsi ziren, Mikel Erguin zarauztarrak gidatuta, zazpi koloreko -laranja, gorria, morea, urdina, berdea, horia eta erdian zuria- errota erraldoi bat osatzeko. Eszenatokitik errotari ekingo ziotela entzun orduko abiatu zen kolorezko olatua maldan behera, eguzkia hartzen zeudenen arreta bereganatuz.

«Pirritx eta Porrotx ikustera etorri gara umeekin eta oso gustura egon gara. Parte hartze handia izan da eta eguraldia ere lagun izan dugu», zioen Iratxe Begiristainek mosaikoa osatzeko kartulina bat eskuetan zuela.

Zeruan eguzkia eta hondarretan ortzadarra, «batzuek eskaintzen duten etorkizun» grisari «kolorearen eta itxaropenaren aldarriarekin» uko eginez.

Oskorriren «Furra-furra» abestia oinarritzat hartuta, Erguinek dantzan eta kantuan jarri zituen, poliki-poliki haize errota irudikatu zuten lagunak, kantua zatikatu eta kolore multzo bakoitzari bat egokituz. Lehenik eta behin, bloke gris bat, kantuak aurrera egin ahala koloreek irauli zutena. Agertoki gainean igota, behean bildutakoekin jolasean aritu zen gero, aski ezaguna den kantua jarri, afixak noiz igo eta jaitsi adierazi eta koreografia jostalaria eginez.

Haize errota

Behean, Zero Zabor taldeko kideek ardi galduak norabidetu zituzten, mila koloreko masak errota forma har zezan. Prestutasunak eta ilusioak erraztu eta bizkortu zuen lana.

«Mosaikoarekin koloreen indarra eta irudikatzen dituzten baloreak erakutsi nahi izan ditugu, grisa bakarrik ez dugula nahi, hain zuzen ere. Hemen egon den magia hau zoragarria da eta hau ezin daiteke erre», azaldu zuen Erguinek.

Kartulinak gora, kartulinak behera, salto, biratu, astindu eta makurtu. Tartean, argazkia garabi handi baten bitartez atera zuten, eta kazetariek eta ikusmiran zebiltzan turista batek edo bestek, eszenatoki gainetik .

Bukatzeko, kalejiran errota biratu eta, hasi bezala, bakoitzak bere bidetik kartulinak bildu -eskoletan berrerabiltzeko bideratuko dituzte- eta ekitaldia amaitutzat eman zuten.

«Oso giro polita zegoela iruditu zait behean, goitik ikustekoa izango zen. Zoragarria izan da. Ekitaldia zentzuzkoa, ondo prestatua eta dotorea izan dela uste dut», esan zuen Ramon Salarazarrek mosaikoa osatu ondoren. Antolakuntzako kideak ere gustura zeuden parte hartzera etorritako jende kopuruarekin -5.000 pertsonatik gora zenbatu zituzten- eta goizean zehar izandako giroarekin.

Milaka lagun hondarretan kantari eta dantzari, gogotsu, guztiak pauso berean, etorkizunean Gipuzkoa aire garbiak bira dezan. Amaitu ostean, jendea agurtu aurretik, Erguini jarraituz «eutsi afixak hanka artean eta», «Furra-furra»-ren doinuek bete zuten Sagues txalo zaparradak gainezkatu zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo