GARA > Idatzia > Euskal Herria

Igandeko emaitzak bereziki garratzak izan dira euskal hautagai galtzaileentzat

Bozetan jasotako porrotak arrasto handia utziko du Michele Alliot-Marie eta Jean Grenetengan, boz batzuk galdu dituzten lehen aldia izan baita. Maitia hautagai beteranoak, berriz, gehiago ez aurkeztea ebatzi du.

p016_f02.jpg

Arantxa MANTEROLA | BAIONA

Dudarik gabe, amaitu berri diren Estatu frantseseko Legebiltzarrerako hauteskundeek arrasto nabarmena utziko dute Ipar Euskal Herrian bai panorama politikoan bai galtzaile suertatu direnengan ere. Izan ere, azken hamarkadetan bozetara behin eta berriz aurkeztu izan diren hautagaiek jasan zituzten porrotik mingarrienak joan den igandean. Urte luzez Estatu frantseseko Legebiltzarrean eserleku baten jabe izan diren eskuineko Jean Grenetek eta Michele Alliot-Mariek, gainera, estreinakoz dastatu behar izan dute galeraren garraztasuna.

Grenetek bere hauteskunde barrutiko kantonamendu guztietan galdu du, baita berak gobernatzen duen hirian bertan ere. Baionan, Colette Capdeviellek 2.000 boz kendu dizkio. PRVko auzapezak garbi utzi du galtzea espero zuela, baina egia da ere 2014ko Herriko Etxeko bozetarako trantze kaskarrean geratu dela. «Hala eta guztiz ere, bi urte geratzen dira oraindik eta denbora horretan gauzak asko alda daitezke. Garaia heldutakoan ikusiko dugu», esan du berriro aurkeztuko den galdetu diotenean.

Alliot-Marie, 26 urtez diputatu

Azken 26 urteotan Parisen Lapurdiko hegoaldeko ordezkari izan den Michele Alliot-Mariek ere bere «tronua» galdu izana sekulako kolpea izan da bai berarentzat bai bere kideentzat. Alliot-Marie hiru kantonamendutan nagusitu zen, baina beste hiruretan Alauxek hartu zion aurre. Biarritzen eta Donibane Lohizunen garaile izan da ohi bezala, baina, egia esan, diputatu sozialistarekiko alde oso txikiarekin. Egun zinegotzi kargua soilik geratzen zaio goi mailako ardurak izan dituen Alliot-Marieri, baina, aldiz, bere karrera politikoa amaitu denik ezin daiteke esan; askok uzte dute -EHBaiko Peio Etxeberri-Ainziartek, esaterako- «errebantxa» nahiko duela.

PSko Frantxua Maitiak ere ez du batere ondo hartu seigarren aldiz galdu izana. Lassalle zentristak irabazi badu «FN eta EHBaiko hautesleen bozei esker, hots bi nazionalismoei esker» izan dela dio, eta ezkerreko abertzaleak ezkerrekoak diren ustea ere zalantzan jarri du. Horrez gain, Legebiltzarrerako berriro ez dela aurkeztuko esan du.

Presoen egoeraz interpelatu zituzten hautagaiak igandean

Herrira mugimenduak igandeko bozak probestu zituen presoen egoerari buruz hautagaiak zuzenean interpelatzeko. PSko Colette Capdeviellek, Sylviane Alauxek eta Frantxua Maitiak eta eskuineko Michele Alliot-Mariek hauteskunde bulegotara iristerakoan Herrirako kideek eskainitako maleta urdina hartu zuten. Jean Grenetengana hurbiltzea ez zuten erdietsi.

Maleta horren barnean Herrira mugimenduaren aurkezpena, datorren urriaren 13rako Baionan deitu duten manifestazioaren deialdia eta baldintzapeko askatasuna hirugarrenez errefusatu dioten Ion Kepa Paroten egoerari buruzko txostena zeuden. Ekimen horrekin, Parisera joatean gai horiek ez ahanzteko eskatu nahi izan zien Herrirak hautagaiei.

Errepresaliatuekin eta prozesu demokratikoarekin zerikusia duten gaiak oso presente izan dira kanpaina osoan. Hala, Grenetek berak gutun bat igorri zion epaileari joan den astean Parot baldintzapean aske uzteko eskatuz.

Berriro hautatua izan zen MoDemeko Jean Lassalle diputatuak, berriz, eserlekua lortuz gero Asanblea Nazionalean gatazkaren konponbiderako talde berezia sortuko zuela agindu zuen argiki. A.M.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo