Erlijio gatazken ondorioz 50 pertsona baino gehiago hil dira Nigerian
Nigerian eliza kristauen aurkako hiru eraso berri izan ziren igandean, Boko Haram talde islamistak eginak. Zaria eta Kaduna hirietan izan ziren leherketak. Erasoen ondoren, mendeku erasoak izan ziren kristauen partetik. Guztira 50 pertsona baino gehiago hil dira jada.
GARA |
Nigerian eraso berriak izan ziren igandean hiru eliza kristauren aurka. Azken kontaketen arabera, 50 pertsonatik gora hil eta beste hainbat zauritu dira erasoen ondorioz. Italiako ministro batek Boko Haram taldeak gutxiengo kristauaren aurkako «sarraski politikoa» eragin nahi duela salatu du. Kamikazeen erasoak Zaria eta Kaduna hirietan izan ziren; hau da, Kaduna estatuko hiri nagusietan. Gobernuak 24 orduko etxeratze agindua ezarri zuen atentatuen ostean.
Zarian bi leherketa izan ziren hamar minutuko tartearekin. Lehena, katolikoen Kristo Erregearen Katedralean, eta, bigarrena, Berri Onaren eliza ebanjelikoan. Hirugarren leherketa, berriz, Kaduna hiriburuan izan zen, Shalom elizaren aurka. Kaduna hiriburuan kristauak dira gehiengo eta hainbatetan izan dira erasoen jo puntu.
Erasoak Boko Haram talde islamiarrak hartu ditu bere gain. «Peoples Daily» egunkarian argitaratutako komunikatu batean, Abul Qaga taldeko bozeramaileak erasoak herrialdean gertatutako musulmanen hilketei erantzuteko egin dituztela azaldu zuen. Izan ere, Boko Haramen ustez, kristauak daude musulmanen hilketen atzean. Kristauek islamera bihurtu beharra dutela ere adierazi zuen taldeak, hala egin ezean «aurkako guda onartu» beharko dutela esanez. Gainera, indar armatuetako kideen senideen aurkako erasoak egingo dituztela ere egin du mehatxu Qagak.
Erasoen ostean, kristauen artean haserrea nagusitu zen, eta, hala, Kaduna hiriburuan gutxiengo diren musulmanen aurkako mendeku erasoak hasi zituzten. Manifestariek, batez ere gazte kristauek, barrikadak egin zituzten errepide nagusian eta aihotzekin eta suarekin eraso zieten musulmanei.
Atzerrian, Andrea Riccadi Italiako Nazioarteko Lankidetzako ministroak Boko Haram taldea «garbiketa etnikoa» egiten ari dela salatu zuen, gertaera eraso bakartua ez dela adieraziz. «Boko Haramen estrategia Nigerian gerra zibila sortzea da», esan zuen Riccadik. Italiako parlamentariak «kristauen ehizarekin amaitzeko» mobilizazioak deitu zituen.
Agentzia ofizialen arabera, erasoek eta ondorengo kristauen oldarraldiak 150 zauritu baino gehiago eragin zituen. Ondorioz, ospitaleak gainezka daude eta hildakoen kopuruak gora egin dezake oraindik ere.
Nigeriako biztanleria bi zatitan banatuta dago. Iparrean musulmanak dira nagusi, eta, hegoan, kristauak.
Nigeriako Gobernuak salbuespen egoera ezarri du Kaduna eta Zaria hirietan. Elizen aurkako atentatuek 16 hildako eragin ostean, musulmanen aurkako erasoak nagusitu ziren.