Estilo askotako bederatzi taldek joko dute Zornotzako Haizetara kaleko musikaren jaialdian
Ostiraletik igandera Zornotzan ospatuko den Haizetara jaialdiak inoiz baino parte hartzaile gehiago izango ditu. Guztira 41 taldek eman dute izena eta horietatik bederatzi aukeratu dituzte.
GARA | ZORNOTZA
«Kaleko musikarik onena izango da aurten ere Zornotzan», iragarri dute Haizetara jaialdiaren zazpigarren edizioko antolatzaileek. Fanfarreen, banden eta kaleko musikaren lehiaketa ekainaren ostiraletik igandera egingo dute Bizkaiko herrian, bederatzi talderekin: Orkestra (Euskal Herria), Oompah Brass (Ingalaterra), South River Jazz Band (Portugal), Wonbo Orchestra (Estatu frantsesa), Gadjo (Katalunia), Badabimbumband (Italia), Pullup Orchestra (Suitza), Pollerapantalon (Argentina) eta Fanfare Shukar (Errumania).
Zornotzako Udalak nabarmendu duenez, inoiz baino talde gehiagok eman dute izena; hamabost herrialdetako 41 talde aurkeztu dira. Proposamen horietatik guztietatik, antolatzaileek bederatzi talde aukeratu dituzte lehiaketan parte hartu eta herriko kaleak anima ditzaten. Taldeen musika estiloak askotarikoak dira. Brass klasikotik hasita, hardcorea, punka, balkanikoa, hip-hopa, jazza eta perkusioa ere egongo dira.
Jaialdiarekin herrian kultura eta aisiari eskainitako denboraldiari hasiera emango diote: hurrengo hilabeteetan lehendabiziko Pintxo Ibilbidea, Zornotzan Jan Alai, Enrike Renteria aire zabaleko pintura lehiaketa eta herriko jaiak ospatuko dituzte.
Haizetara jaialdia duela zazpi urte sortu zuen Udalak eta San Juan inguruko asteburu batean ospatzen da beti. Herriko artxibo historikoetan jasotzen den bezala, San Juanetan musika kalean bizi-bizi egoten zen, eta jaialdi hau baliatuz Udalak XX. mende hasieran musika San Juan suarekin lotzen zuen jai-giroa berreskuratu nahi du. Honek berebiziko garrantzia izan zuen batez ere 1913 inguruan.
Taldeak
Haizetara jaialdia herriarentzat bada ere, musikaren arloan dabiltzanei ere zuzenduta dago, jaialdiaren bidez munduko beste leku batzuetan kaleko musika taldeek zer egiten duten ezagutzeko eta azken joerak eta joera berritzaileak ezagut ditzaten.
Euskal ordezkaria, Orkestra banda bizkaitarra da. Haizetara jaialdiaren bigarren edizioan hartu zuten parte, Off izeneko sailean. Oraingo honetan, gainerako lehiakideekin arituko dira, euren energia eta errepertorio sendoaren ekarpena eginez. Horretarako, Euskal Herriko punk talderik ezagunenen gaiak dituzte oinarri, Eskorbutorenak, esate baterako.
Oompah Brass metal-boskote ingelesa da (tronpetak, tronboia, tuba...). Diotenez, gusturago sentitzen dira Madonaren, Guns'n Rosesen edota Paradise Cityren errepertorioa interpretatzen polkak, balsak edo martxa militar tradizionalak jotzen baino. Europako jaialdi garrantzitsuetan aritu dira: Belgrade Beer Festival, Londreseko O2 eta Mayrhofengo Snowbombing jaialdi alpetarrean (Austria), besteak beste.
Beste talde bat South River Jazz Band, Tajo ibaiaren hegoaldeko ertzetik datozen zazpi musikari portugaldarrek osatzen dute. New Orleanseko dixie jazz estiloa maite dute, eta Haizetara jaialdiaren edizio guztietan presente izen den musika estiloaren errepertorio tradizionala, alaia eta dibertigarria ekarriko dute.
Lehiaketa: Ostiraletik igandera, Zornotzako hainbat taberna, sagardotegi, plaza eta kaletan.
Saria: 10.000 euroko sari nagusia. Publikoaren saria 4.000 eurokoa da, eta, instrumentalistarik onenarena, 1.000 eurokoa.
Erakusketa: Paleophonia, grabatutako soinuaren historia, Zelaieta zentroan, uztailaren 8ra arte.