la izquierda abertzale, legalizada | erreakzioak
Poza Euskal Herrian eta haserrea PPren Gobernuan
Poza nabarmendu da euskal eragileen artean Konstituzionalaren erabakiaren ondoren. PSEk ere ontzat jo du erabakia, ilegalizazio bere alderdiak izendatuko fiskalak eragin zuen arren. PPk zein UPNk gogo txarrez hartu dute berria.
Pello URIZAR
EA
«Aukera bakarra zen, euskal gizarteak ez zuen besterik ulertuko»
«Sortu legeztatzea aukera bakarra zen, euskal gizarteak ez baitzuen besterik ulertuko eta onartuko. Euskal Herrian dagoen errealitatea ofizialtzen du erabakiak», esan zuen Urizarrek. Normalizazio bidean aurrerapausoak ematea pozgarritzat jo zuen, baina erabaki ezberdinak hartzea, batzuk onak eta beste batzuk txarrak, «ez da zilegi ez eta demokratikoa ere», zehaztu zuen EAko idazkari nagusiak.
Patxi ZABALETA
Aralar
«Legalizazioa albiste ona da demokrazia, normalizazioa eta bakea egonkortzeko»
«Sorturen legalizazioa albiste ona da demokrazia eta normalizazio soziala egonkortzeko, eta, beraz, bakearentzat», uste du Zabaletak. Orain, «Sorturen legalizazioak behartzen gaitu helburu berriak ezartzera, biktimen, presoen edota elkarbizitzaren esparruetan», esan zuen.
Oskar MATUTE
Alternatiba
«Anakronismo demokratikoa zen ideiak legez kanpo uztea»
«Anakronismo demokratikoa zen ideiak legez kanpo uztea» Oskar Matuteren iritziz, eta, ondorioz, pozik azaldu zen erabakiarekin, are gehiago «indarkeriak eta mehatxuak desagertu direnean eta gizartea bakean eta askatasunean oinarritutako etorkizunean pentsatzen ari denean».
Jose NAVAS
Ezker Batua
«Inoiz ezabatu behar ez zen eskubidea indarrean jartzen du berriz ere»
EBren iritziz, bere garaian eman behar ez zen eskubide baten bortxaketa zuzendu du orain Konstituzionalak. «Alderdien Legeak baldintzatu duen elkarbizitza berreskuratzeko ahalegina egin behar dugu alderdi guztiok», gaineratu zuen Jose Navasek.
LAB
«Urrats gehiago behar dira gaurkoaren norabide berean»
LAB sindikatuaren ustez, «Sortu legalizatuz herri honetako gehiengo politiko, sindikal eta sozialaren exijentzia bete egin da, eta, beraz, erabakia urrats garrantzitsua eta itxaropentsua da». Hala ere, oraindik gauza asko zuzendu behar dira LABen ustez, «18/98, Segi edota Bateragune auziak besteak beste».
Lokarri
«Dagoeneko ez dago aitzakiarik elkarrizketak normalizatzeko»
«Ilegalizazioa oztopoa zen elkarrizketan eta alderdien arteko komunikazioan aurrera egin ahal izateko», nabarmendu zuen Lokarrik, eta, horregatik, behin Sortu legalizatu ostean, «ez dago jada aitzakiarik. Politika letra handitan erabiltzeko ordua da», ziurtatu zuen.
Josu ERKOREKA
EAJ
«Politikoki normala zena juridikoko normala da hemendik aurrera»
EAJren partetik Josu Erkoreka diputatuak egin zuen erabakiaren balorazioa, eta egoera normalizatzeko balioko duela nabarmendu zuen, berrikuntza handirik ez dakarrela zeharka esanez: «Guztiok dakigu ezker abertzaleak normaltasunez hartzen duela parte Euskal Herriko politikan, erakunde askotan eta ehunka udaletxetan dago».
Geroa Bai
«Azken urteotako ilegalizazioek ez dute ezertan lagundu»
Geroa Bairen ustez, «oso albiste ona» da Madrildik iritsitakoa. «Azken urteotako ilegalizazioak ez ziren inoiz eman behar behar; ez dute ezertan lagundu», adierazi zuen Geroa Baik, «ezker abertzaleak politika egin nahi zuen, beste ezer ez», gaineratuz.
Jose Antonio PASTOR
PSE
«Albiste ona da; indarkeriaren amaiera azkartzen lagunduko du»
PSOEk Sortu legez kanpo uztea bultzatu zuen duela urtebete eskas, baina atzo PSEko Jose Antonio Pastor eledunak Konstituzionalaren erabakia «albiste ona» dela esan zuen. «Batzuek diotenaren kontra, demokraziak funtzionatzen duela baieztatzen du», esan zuen. Erabakiak «indarkeriaren behin betiko amaiera azkartzeko» balioko duela espero du Pastorrek, eta dei egin zion Sorturi bere estatutuetan jasotakoa egiazta dezan.
Juan Luis S. DE MUNIAIN
Nafarroako Gobernua
«Legala da, baina alderdi demokratiko izatetik urrun dago oraindik»
Sorturen aurka egin du UPNren Gobernuak, epaileen erabakiaren gainetik. Bere eledun Juan Luis Sanchez de Muniainen esanetan, «alderdi normal eta demokratiko bat izatetik urrun dago oraindik» ezker abertzalea. Erantsi zuenez, «gobernatzen duen tokietan, terroristen alde egiten ez dutenenentzat egoera jasanezina da oraindik». Hala ere, Konstituzionalak hartutako erabakia onartu beharra dutela adierazi zuen.
Iñaki OYARZABAL
PP
«Ez du ETAren amaiera lortzeko lagunduko»
EAEko PPko idazkari nagusi Iñaki Oyarzabalek erabakiaren aurka hitz egin zuen, ETAren amaierari begira ez dela lagungarria izango uste baitu. Hala ere, epaia onartzen duela esan eta espainiar jendarteari Gobernuarengan «konfiantza» izateko eskatu zion, «terrorismoa behin betiko amai dadin bermea gu garelako».
Rosa DIEZ
UPyD
«Eskandalagarria da, Europako auzitegien aurka ere egiten du»
Oso haserre agertu zen Rosa Diez, duela hilabete batzuk Sortu ez ezik Amaiur eta Bildu ere legez kanpo uzteko eskatu ondoren. Bere hitzetan, Giza Eskubideen Europako Auzitegiak bere garaian hartutako erabakia ere bertan behera uzten du orain Konstituzionalak. «Legala da, baina bidegabea. Justiziarekin ezin da bateratu epaia», salatu zuen.
Francisco Jose ALCARAZ
Voces contra el Terrorismo
«PP ere erantzulea da»
Kezka handia azaldu zuen Francisco Jose Alcaraz AVTko buruzagi izandakoak, «hainbeste jende hil ondoren bere helburu guztiak betetzen ari baita ETA». Erabakiaren ardura PSOEri egotzi zion, baina PP ere erantzule egin du, ekidin ez duelako.