GARA > Idatzia > Kirolak> Arrauna

«Iazkoa baino maila handiagoa izango du KAE Ligak, are lehiakorragoa»

Esteban GOITIA I KAE Ligako presidentea

Esteban Goitiak aurtengo neguan hartu du KAE Ligaren presidente kargua, Pedro Anduezak utzitako hutsunea betez. Isuntzaren ordezkari gisa orain arte lehiaketaren baitan egindako lanaren haritik, arraunaren «bigarren mailak» ahalik eta oihartzun handiena izatea nahi du. Denek berak adinako gogoa ipintzen baldin badute, ez du arazorik izango helburua lortzeko.

p046_f03_93x148.jpg

Asier AIESTARAN I

Beti bezain adeitsu erantzun dio Esteban Goitiak gure deiari. Elkarrizketa asko eman ditu azkenaldian, baina grinatsu segitzen du.

Prest al dago dena KAE Ligaren denboraldi berriari ekiteko?

Badakizu, dena erabat prest ez da inoiz egoten, baina ahalegindu gara dena egoki prestatzen eta uste dut gauzak nahiko ongi landuta daudela. Beti egoten da ezustekoren bat, baina hasteko moduan gaude.

25 traineru, 25 estropada, igotzeko eta jaisteko kanporaketak... Beti komentatzen dugun moduan, KAE Liga bereziki konplexua izaten da antolakuntzari dagokionez.

Bai, bai, zoratzeko moduko lana izaten da. Aurten, gainera, hiru estropada zuzenean eskainiko ditugu telebistaz, Elantxobe, Orio eta Zarautz. ETB-Sat katerako ere beste hamar saio berezi ekoitzi nahi ditugu, Getariako Txakolina markaren laguntzarekin; astelehenean 23.30ean eskainiko lirateke eta asteartean berriz errepikatu. Bai, dena kontuan hartuta zorakeria izaten da. Mila gauza, mila detaile, komunikazioak, banderak, epaileak, ordezkariak... Ez da erraza izaten, baina urtero bezala aurten ere gauzak irtengo dira. Ea dena ongi joaten den eta zaleek ikuskizunarekin gozatzen duten.

Udalekin hitz egin, elkarteekin... Nabaritu al duzue krisi famatua negoziazioetan?

Errazak ez dira izaten. Krisi ekonomikoa ere nabaritzen da alor guztietan. Hori horrela da, baina guk gure mailan aurrera egiten dugu, eta iruditzen zait iaz bezalaxe kirol arloan itxura ona emango dugula. Beharbada iazkoa baino maila altuagoa izango dugu, are lehiakorragoa. Gu azken gestioak lotzen ari gara, baina uste dut zaleek ez dutela horretaz gehiegi jakin behar; haiek nahi dutena, normala denez, uretan lehiaketa on bat ikustea da. Aurten ere hori eskaintzeko moduan izango gara.

Horretarako, garrantzitsua izan al da babesle berria aurkitu izana, ligari izena emango dion Getariako Txakolina?

Oso garrantzitsua da guretzat, horrek posible egin duelako ETBko saioak ekoitzi ahal izatea, eta modu horretan gure lehiaketa etxe guztietara eramatea. Aurten talde historikoak arituko dira KAE Ligan, TKE Ligan urte askotan lehiatu direnak, eta ziur sekulako ikuskizuna ematen dutela, bai lehen multzo horretan, baita bigarrenean ere.

Telebistan agertzea azpimarratu duzu behin eta berriro.

Azken batean, gure kirolean ere mutilak urte osoan aritzen dira entrenatzen, nahiz eta batez ere udan ikusten den haien lana. Elkarteak ere buru-belarri jarduten dira, zuzendaritza batzordeak... Horregatik denagatik nahi dugu udan gure kirola kirol erregeetako bat izatea. Zorionez, telebistaren laguntza daukagu, laguntza handia gainera, baita beste komunikabide eta kazetariena ere, eta gure jardunak izaten duen oihartzun horrekin oso babestuta sentitzen gara.

Kirol arlora, uretara, jauzi eginda, argi dago Oriok zeresan handia emango duela lehen multzo horretan.

Nire ustez, Orio beste guztien gainetik ibiliko da aurten, hori da nire susmoa. Zenbat indartu diren ikusita soilik... Orio inguruko jendearekin indartu dira batik bat, edo bere ibilbidean Oriorekin harremana izan duen jendearekin: Portularrume, Millares, Polo, Bereziartua, Makazaga bera, entrenatzaile lanetan arituko dena... Izenak esanda bakarrik, mundu honetan dabilen jendeak badaki zer-nolako mailaz hitz egiten ari garen. Nekatu naiz hau errepikatzen, baina KAE Ligan bakarrik ez, ikusi beharko da Oriok zer maila eman dezakeen Gipuzkoako edo Euskadiko txapelketetan, baita Kontxako Banderan ere. Arraunak bakoitza bere lekuan ipintzen du, baina goi-goian ibiliko direla uste dut.

Agian, lehia handiagoa egon liteke bigarren posturako; hor dozena erdi bat talde badaude maila bertsukoak.

Isuntza, Santurtzi, Camargo, Donostiarra, Zarautz... Traineru asko daude maila oso ona eman dezaketenak eta uste dut, alde horretatik, lehiaketa oso erakargarria izango dugula aurten.

Bigarren multzoan, berriz, urtero legez, elkarte indartsuetako gazteak ikusteko aukera izango dugu, zenbait traineru historikorekin batera.

Lagun arteko estropada izan arren, badakizu Mutrikun zer gertatu zen. Eguraldiak zerikusi handia izan zuen, eta zortea ere alde izan zuten, baina Trintxerpek irabazi zuen proba, KAE Ligan bigarren multzoan dagoen talde batek. Horrek argi erakusten du zer-nolako mailan dabiltzan horietako batzuk. Talde eta herri batzuk duten meritua nabarmendu beharra dago. Mila biztanle eskaseko herriak daude hor, Colindres edo Mundaka, esate baterako. Mundaka historiko bat da batel eta trainerilletan, baina traineru bat osatzea ez da hain erraza. Amateurrak dira, baita arraunketaren espiritua garbien mantentzen dutenak ere. Ez zenuke sinetsiko zer aurrekontu baxuekin dabiltzan, eta zer-nolako maila ematen duten, hala ere. Iaz, adibidez, nik uste uda osoko lehiaketarik interesgarriena izan zela KAE2 Liga, Elantxobe, Getaria eta Ondarroa pare-parean ibili zirelako urte osoan. Ez zait berehala ahaztuko Elantxoben Ondarroak egin zuen estropada; ez nuen urte osoan horrelako besterik ikusi.

Zaleak animatu behar dira, beraz, estropadak bertatik bertara ikustera joan daitezen.

Elantxobe, adibidez, 500 biztanleko herria da; pentsa ezazu zer meritu daukaten trainerua ateratzeko! Taldea osatzen dute, bertako jendearekin eta herriarekin harremana daukaten gertukoekin. Eta herria betetzen den egun gutxi horietako bat estropada eguna da. Egun handia. Hori ez dugu inoiz ahaztu behar.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo