GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Floren Aoiz | www.elomendia.com

Sortu, iraun, egokitu, gainditu, irabazi

Guretako gatazka gainditzeko borondatea dena, haiendako, porrota da, mehatxua, Estatuaren krisialdia areagotzeko bultzada, espainiar egitasmoa kolokan jartzea, finean

Batzuetan, zutabea idazteko unea iristen delarik, zuri gelditzen da ordenagailuaren pantaila, zer aipa ez dakidala. Beste batzuetan, ordea, gaiak pilatzen dira eta erabakia zaila izaten da: nondik hasi? Zein aukeratu? Gaurkoan Sorturi buruz hitz eginen dut, baina aipatu nahiko nituzkeenak asko dira: espainiar epaileen beste erabakiak, krisialdi ekonomikoaren azkenak, ETBren independentziaren gaineko eztabaida, Nafarroako gobernu mailako aldaketak...

Nabarmena da aro berrian gaudela, zeinean aldaketak ugaltzen baitira. Gero eta zailagoa da itxikerian atertzea, baina horixe da espainolisten gune gogorrak egin duena, Madrilen, Iruñean eta, oro har, esparru guzietan. Sorturen inguruko erabakiak ekarri duen erantzun sorta argigarria da, atzerakoien haserrea nabarmena delarik. Konponketa eta aldaketa prozesuaz hitz egiten dugu Euskal Herrian, eta horretaz ari dira, halaber, nazioarteko hainbat eragile. Alferrikakoa da, berriz, halakorik bilatzea espainiar agintarien aldetik.

Egia esan, zaila zen besterik espero izatea. PPren ibilbidea ezagututa begi bistakoa da ateak irekitzeko joerarik ez dela inon ere atzematen. Espainiar nazionalismoak arriskuan ikusten du bere egitasmoa, ekonomia, ideologia, politikagintza eta kultura mailan atzeraka doalako, euskal eta katalan egitasmoak indartzen diren bitartean. Eskoziaren erronkak egonezina eragiten du munduko zazpi ekonomia handienen artean esertzeko amets patetikoa oso urrun gelditu delarik. Ederki dakite espainolistek norantz dabiltzan haizeak, ez beren alde.

Guretako gatazka gainditzeko borondatea dena, haiendako, porrota da, mehatxua, Estatuaren krisialdia areagotzeko bultzada, espainiar egitasmoa kolokan jartzea, finean. Prozesua bera, hurbilpenerako esparrua baino talkagunea bilakatzen da, batez ere.

Frantses eta espainiar estatuak mugituko dira behartuta sentitzen diren heinean. Halaxe izan da orain arte eta birgauza aurreikusi behar dugulakoan nago. Sorturen legeztapena egoera berriaren fruitua da, baina ezin dugu alde batera utzi zatiketa giroan hartu dela, kontrako jarrerak oso zabal eta indartsuak direlarik. Pakidermoa mugitzen ari da, behartuta eta gutxi, eta, halere, mugitzen da, ados, baina erresistentzia eta sabotaje joerak aintzat hartzekoak dira. Gainera, aipatu bezala, espainiar egitasmoaren ahulezi kritikoak beldurrak biderkatzen ditu.

ETAren porrotaren errelatoa, estatuek egoera hau irensteko sortutako mezua, krisialdian dago. Eta ez dute besterik, ez direlako konponketaren errelatorik eraikitzeko gai. Sorturen inguruko epaia bera erortzen da malda horretatik, baldintzak eta mehatxuak aipatuz. Mehatxuak, gaur egun, ahuleziaren adierazpenak dira. Oroitzen dituzue Argentinaren kontra aipatu zituztenak, Repsol-YPFren afera zela eta? Hala entzuten dira, egia esan, gaur egun zabaltzen dituztenak.

Gainbehera doa Espainia. Euskal Herria, berriz, goraka. Sortu legala da gure herriak borrokan iraun duelako, estrategia egokitu delako, oztopoak gainditu direlako, irabazteko borondatea indartu delako. Bidea argi dago. Zorionak, Sortu, zorionak Euskal Herria!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo