Estibalitz EZKERRA | Literatur kritikaria
Dislokazioa azalduz
Dislokazioa hitz gakoa da Hustonen lanean. Dislokazioak definitzen du ongien gaur egungo mundua, baina ezin esan fenomeno berria denik. Aitzitik, aspaldi hasi zen hura mamitzen, batzuentzat gizon ausart, beste batzuentzat kolonizatzaile anker diren horiek itsaso zein lurrak zeharkatzen hasi zirenean. Hizkuntzarekiko kezkari lotuta doa Kanadakoaren lanen bigarren ezaugarri nagusia: makrohistoriak mikrohistorian duen eraginari buruzko gogoeta. «L'Empreinte de l'ange» (1998) nobelako pasarte batean, narratzaileak ondoko galderak zuzentzen dizkio irakurleari: zerk merezi du kontatua izatea? Zeintzuk gertaera azaldu behar dizkiegu maite ditugun horiei eta zeintzuk ezkutatu? 2009an Hustonen «Fault lines» euskaraz argitaratu zuen Alberdaniak (Iñigo Errastik itzuli zuen lana), «Jaiotze markak» izenburuarekin. Argitaletxe berak egilearen azken lana, «Infrared» («Ultramorea», Jon Muñozek euskaratua), dakarkigu orain. Iraganak orainean duen eraginari buruzko beste saio bikain bat.