GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Karmele Aierbe I Ezker abertzaleko kidea

Anoetara ofizialtasunaren alde

Euskal selekzioaren aldeko bidea urratu dezagun elkarrekin, futbolariok, futbolzaleok eta euskal herritarrok batera ametsa helburu bihur dezagun

Gaur arratsaldean, euskal futbolariok, futbozaleok eta oro har euskal herritarrok, zita garrantzitsua dugu Anoetan emakumeen euskal selekzioaren futbol partida jokatuko delako lehen aldiz. Hau ere historikoa izango da, bere lehen aldia izateak ematen dion esanahiagatik, izango dira gehiago, guztion artean euskal selekzioen ofizialtasuna lortu arte. Ospakizun eguna izanagatik, eta, beraz, alaitasun eta festarako abagunea izanagatik, ezin ahantzi, ordea, oraindik ere gure helburutik urrun gaudenik.

Gaur-gaurkoz, euskal selekzioek badute halako agerpenak egiteko beharra, eszenifikatu beharra, baina selekzioaren alde egindako lana loratuko da. Bide horretan indarrak biltzea, gogoa kutsatzea, enpatia gehitzea ezinbestekoa dugu. Zoritxarrez ez goaz urrunago oraindik, baina ez dugu ahazten nora goazen, gure nortasuna defendatzera, oinarrizko eskubidea dena tinko eustera, azken finean herri gisa nazioarteko eszenarioan lehiatzera.

Euskal Herria nazioa da. Baina estatu espainiar eta frantsesak ez dizkigute gure oinarrizko eskubideak onartzen, besteak beste, nazioarteko kirol lehiaketetan selekzio propioarekin ordez- katuak izateko eskubidea, nazio mailako kirol federazioak osatzeko eskubidea, ezta gure hizkuntzan kirolean aritzeko eskubidea ere. Baina era berean, Euskadiko Futbol Federazioak eta baita instituzioek ere apenas urratsik eman duten ofizialtasunaren alde. Euskal Herriak eta euskal herritarrek ofizialtasuna aldarrikatzen dute, eta, beraz, ildo horretan lan egitea dagokigu, helburu berdinarekin lanean ari direnekin elkarlanean.

Bidea ez da erraza izango, kontrako indarrek ere gogor eusten diotelako ukazioari, baina aldaketa haizea dabil Euskal Herrian, eta Euskal Herrian biltzen ari den indar horri ezingo diote ezezkorik esan. Erresistentzia horiei gero eta denbora gutxiago geratzen zaie eta men egin beharko dute. Egungo testuinguruak dauden aukerak aprobetxatzeko abagunean jarri gaitu, beldurrik gabe ofizialtasunaren eremuan ere aurrerapausoak emateko.

Euskal selekzioaren aldeko bidea urratu dezagun elkarrekin, futbolariok, futbolzaleok eta euskal herritarrok batera ametsa helburu bihur dezagun. Euskal herritarrek lan eta esfortzu gehiago exijitzen eta eskatzen digute ofizialtasuna lortzeko. Eskatzen eta exijitzen diguten horri erantzun behar diogu, baina horrek konpromisoa eta lana eskatzen ditu. Derrigorrezkoa da, beraz, konpromisoak hartzea eta urratsak egitea euskaldun gisa ordezkatuko gaituzten selekzioen alde.

Azkenik, larunbatean dugun hitzorduari heldu eta herri gisa gure nahia eta borondatea erakutsi behar ditugu, eta ozen aldarrikatu euskal selekzioaren alde gaudela, baita gure hizkuntza euskararen alde ere.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo