GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

AIZKORA

Otañok eta Ipintza anaiek desafio handia jokatuko dute Abaltzisketan

J.L. I

Ikusmin handia piztu duen aizkora desafioa jokatuko da bihar Abaltzisketako plazan, 12.00etan. Alde batetik Ipintza anaiak, herriko bi gazte, orain arte plazetan ikusi gabeak, arituko dira, eta, bestetik, Unai Otaño, egun dagoen aizkolaririk onenetakoa.

Ibarrako aizkolariak, ordea, abantaila handia eman die Abaltzisketakoei, eta lan handia egin beharra izango du. Otañok zortzi enbor 60 ontzako erdibitu beharko ditu, eta Ipintza anaiek zortzi enbor kana-erdiko, txanda librean.

Aldea, beraz, handia eman die Otañok. Bera bakarrik biren kontra aritzeaz gain, enborrak ere handiagoak moztu beharko ditu, eta aurkariak, gainera, txanda librean ariko dira. Jokoan, berriz, ohorea eta sariak egongo dira, eta hori ez da gutxi.

Ikusmina sekulakoa da, eta Abaltzisketako plaza gainezka egongo da. Otaño denek ezagutzen dute, badakite zer egiteko gai den. Aurten, gainera, sekulako denboraldia egiten ari da. Binakako Urrezko Aizkora irabazi du, eta Buruz Burukoan, berriz, hirugarren izan zen. Oso sasoi onean dago, eta aurtengo maila nagusiko Euskal Herriko Txapelketa irabazteko ere faborito nagusien artean dago.

Ipintza anaiak, ordea, inork gutxik ezagutzen ditu, eta horrek berak jendearen jakin-mina areagotu egiten du. Denbora dezente daramate proba prestatzen, eta lan ona egingo duten zalantzarik ez dauka inork. Apustua benetan erakargarria da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo