GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Eztabaidari seriotasunez helduta, Gipuzkoako hondakinen inguruko gatazka gainditzea posible da

Gipuzkoako Foru Aldundiak oposizioko talde guztiekin biltzeko asmoa du, atzo ahaldun nagusi Martin Garitanok iragarri zuenez. Bilera horien helburua hondakinen kudeaketaren inguruko gatazka gainditzeko akordioak lortzea da. Gatazkaren gakoa herrialdeko udal gehienek nahi duten hondakin kudeaketaren eta Batzar Nagusiek nahi dutenaren arteko talka da, eta akordioak iristeko bidea eztabaida da, zalantzarik gabe; horregatik, txalotzekoa da Aldundiaren eskaintza, denek eztabaidan parte har dezaten eta denak akordioen parte izan daitezen prestasuna. Hori da bidea, baldin eta EAJk, PSEk eta PPk abiatu duten Alduntzinen aurkako zentsura mozioaren atzean dituzten interesak hondakinen kudeaketarekin nahasteari uko egiten badiote. Garitanok nabarmendu zuenez, eskaintza ez da oposizioak zentsura mozioan atzera egiteko «mugimendu taktikoa», baina talde horiek Bilduren gobernuaren aurkako frontea osatu ez dutela erakusteko aukera dute orain. Esan bezala, txalotzekoa da Aldundiaren jarrera, eta txalogarriagoa izango litzateke denek akordio bat lortuko balute. Horretarako, ordea, seriotasuna eta, batez ere, borondate politikoa behar dira. Eta bistan da borondate hori nork erakutsi behar duen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo