GARA > Idatzia > Mundua

Talibanek aldarrikatutako hotel baten aurkako erasoan 26 pertsona hil dira

Kabul kanpoaldeko hotel bat eraso eta 26 lagunen heriotza eragin du talibanen komando batek, horietatik 15 bahituta zituzten zibilak. Erasoa ostegunean hasi eta atzo eguerdian amaitu zen, indar armatuekin izandako borroka gogorretan erasotzaile guztiak hil ondoren.

p027_f01-148x108.jpg

GARA |

Komando taliban batek hotel bat hartu zuen ostegunean eta bertan zeuden 25 pertsona bahitu zituen. Indar armatuak bertaratu eta atzo eguerdira arte borroka gogorrak izan ostean, 26 pertsona hil dira guztira, gehienak zibilak. Afganistaneko indar armatuek zabaldutako berrien arabera, erasoa Kabul kanpoaldean dagoen Spozhmai hotelean gertatu zen.

Mohamed Ayub Salangi Kabuleko poliziaburuak emandako azalpenen arabera, borroketan erasotzaile guztiak hil ziren -guztira zazpi-, baina baita hamabost zibil, hiru segurtasun zaindari eta polizia agente bat ere. Talibanek hainbat leherketa eragin zituzten hotelaren kontrola hartzeko eta 25 pertsona bahitu zituzten -erasoaren unean 350 lagun inguru zeuden bertan-. Ayud Salangiren arabera, talibanek lehergailuak jarri zituzten erasoan hildako euren kideen gorpuetan, eta, ondorioz, lehergailu-teknikariak miaketa lanetan aritu behar izan dute.

Afganistaneko telebistak NATOko Afganistango misioko helikopteroek hartutako irudiak erakutsi dituzte egunotan. Horietan, hoteletik etengabe irteten zen kea ikus zitekeen. Polizia iturrien arabera, hotelak 30 gela baino gehiago ditu eta «gerla gizon» afganiar bat da jabea, Hezat mula izenarekin ezaguna. Egun Parlamentuko diputatua da.

Erasoa egin eta berehala aldarrikatu zuten talibanek. Hain zuzen ere, erasoa «hotelean prostituzioa eta islamaren aurkako bestelako ekintzak» egiten zirelako burutu zutela azaldu zuen Zabiula Mujahid talibanen bozeramaileak. Mujahidek hildako zibilen artean kanpotarrak ere badaudela ziurtatu zuen, nahiz eta iturri ofizialek gezurtatu egin duten. «Hotelean kanpotarrak zeuden, baita gobernuko goi karguak ere. Aspalditik ari ginen erasoa prestatzen», esan zuen.

Hamid Karzai Afganistaneko lehendakariak gogor gaitzetsi zuen atzo erasoa komunikatu baten bitartez. Karzairen ustez, erasoak «etsaia garaitua» dagoela erakusten du, talibanak «helburu errazak» erasotzen hasi baitira. Karzaik berak parlamentuan «biktima zibilen kopuruak behera» egin duela adierazi eta biharamunean iritsi zen hotelaren aurkako erasoa.

Talibanek behin baino gehiagotan eraso izan dituzte Kabul hiriburuko hotelak. Iaz, adibidez, Intercontinental hotela eraso zuten, 21 lagunen heriotza eraginez. Atzo amaitutako Spozhmai hotelekoa, aldiz, azken urteotako erasorik odoltsuena da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo