GARA > Idatzia > Euskal Herria

EH jaietan | Eibar

Armeria Eskola, Casinoa, Goruntz eta Asola Berri, pregoia irakurtzeko prest

Ibilbide luzeko lau pregoilari dituzte sanjuanek: mende bat bete duten Armeria Eskola eta Casinoa, 50 urte luze lanean daramatzan Asola Berri kirol elkartea, eta 20 urte bete berri dituen Goruntz abesbatza. Hitzak prest daude, baita Lizarrako dultzaineroak ere; beraiek lehen notak jotzen dituztenean hasiko dituzte San Juan jaiak ehunka eibartarrek.

p023_f02_199x132.jpg

Nerea GOTI |

Boloak, musika, gazteen heziketa, kultura edota aisialdia bultzatzen Eibarren urte luzeak eman dituzten lau elkarte daude deituta gaur, jaiei hasiera emateko. Bakoitza bere arloan, eskarmentu handiko elkarteak dira denak, batez ere Armeria Eskola eta Casino Artístico Eibarrés, mende bat lanean daramatenak. Asola Berri kirol elkarteak, berriz, 50 urte bete ditu, eta, Goruntz abesbatzak, 20.

Denak igoko dira gaur pregoiaren zati bana irakurtzera udaletxeko balkoira. Horregatik, gaur ehunka jaizaleren aurrean zer esango duten galdetu zien GARAk lau elkarteei egun handia heldu aurretik. Jose Luis Novoa Armeria Eskolako zuzendariak, adibidez, «eskola zelan jaio zen» gogoraraziko du. «Eibartarren eskaera herrikoi bati erantzunez sortu zen eskola, eta, aita-amek beren seme-alabekin egiten duten modura, jasotako aitortza bihotzez eskertuko dugu, Udalak berak sortu zuelako proiektu hau», aurreratu zuen.

Asola Berri kirol elkarteak, bitartean, sortzaileen lana eskertuko du. «Haiek jarritako haziei esker hazi da proiektua azken 50 urteotan zehar», esan zuen Jose Andres Urkia elkarteko antolakuntzako batzordeko kideak. Berak hitz egingo du, eta kirola aldarrikatuko du, batez ere «gure euskal kiroletako bat den hiru-txirloko boloak»; izan ere, bolotan aritzen dira elkarteko kideak.

Casino Artístico Eibarrés entzutetsuaren izenean, Jose Alberto Aldazabal igoko da udaletxeko balkoira. Ehun urtez sanjuanetan ate aurretik dultzaineroak pasatzen ikusi dituztela izango du gogoan, eta mende oso batez Casinoak sentsibilitate ezberdinetako eibartarrak harremanetan jarri dituela nabarmenduko du. Ohiko «gora sanjuanak» oihua ere ez dute ahaztuko guztiek. Goruntz abesbatzakoak izango dira udaletxean egoterik izango ez duten bakarrak, bidaia batean daude-eta.

Ohiko harrera jendetsua

Santuari behin zapia jantzita, Usartza txistulari bandaren doinuek adieraziko dute jaien hasiera gertu dagoela. Izan ere, ordubete izango dute kuadrillek Untzaga plazan biltzeko, eta, ostean, Estaziño kalean izango dute galtzerik ez duten hitzordua: Lizarrako dultzaineroei harrera jendetsua eginez hedatuko da jai giroa herrian barna. Gero, hasiera ofiziala etorriko da, pregoia botata eta txupin eta guzti.

Eguerdi mugituaren ostean, arratsalderako indarrak gorde beharko dituzte kuadrillek, jokoetan neurtuko baitituzte indarrak. Dultzaineroak ere kalera itzuliko dira erraldoi eta buruhandien kalejira girotzeko. Antzerkizaleek, Trapu Zaharraren «Vuelta&vuelta» ikuskizuna izango dute.

San Juan bezperako gau magikoaren atarian, Lisker taldeak jarriko ditu eibartarrak dantzan, eta, behin erritmoa hartu eta sua piztuta, Eibarko dantza garaikideko taldearen emanaldia izango da. Gauerdian, tradizioak agintzen duen bezala, San Juan kantuak eta danborradak zabalduko dute askorentzat luze-luzea izango den gaua.

Udalaren aldetik, bitartean, jaietan murgildu eta tradizioa, parte hartzea eta kulturaren zabalkuntza uztartuz prestatu duten jai egitarauarekin gozatzeko eskatu dute. «Eskaintza anitza, adin guztientzat egina eta parte hartzea bilatzen duena da», nabarmendu du Esther Kareaga Kultura zinegotziak. Nonahiko krisialdia alde batera utzi eta egun gutxi batzuz jaia zuzenean bizitzeko deia egin du.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo