GARA > Idatzia > Kirolak> Pilota

Buruz Buruko Txapelketako finalaren atarikoa

Pronostiko bakarrak, bihotzarekin egindakoak

Inork ez du biharko finalerako apustu garbirik; asko jota, «etxekoaren alde» busti dira enpresakideak.

p048_f01_199x116.jpg

Jon ORMAZABAL I

Beti eskutik hartuta joan dira pilota eta apustua. Krisiaz harago, ordea, inor gutxi arriskatzen da uneotan biharko finalerako pronostiko garbirik egiten: bezperan behintzat, den-denak bat datoz Aimar Olaizolak eta Juan Martinez de Irujok bihar Bizkaia frontoian jokatuko dutena aspaldiko finalik orekatuena dela esaterako orduan. Etekina ateratzeko ez da modurik seguruena agian, baina arriskatu diren gutxiak hurbilen sentitzen dutenaren alde egin dute.

Pentsa, kolorerik ez duen katedraren diruak ere ez du inoren aldeko joerarik, Asegarceko artekaria den Juan Luis Arrarteren aburuz. «Lehen sakea batari edo besteari egokitu, 100 euroko aldea egon daiteke, baina dirua oso parean dago. Apustuari dagokionean, gainera, krisi sakonean gaude, oso sakona; lehen jokatzen zenaren %70-%80 gutxiago jokatzen da. Finala izanda eta bi handienak egonda, beti egoten dira bata edo bestearen aldekoak, baina ez dut uste askoz gehiago jokatuko denik. Jendeak ez dauka dirurik».

Enpresetako teknikariek ere ez dute ezer garbirik ikusten, eta, zerbait esatearren, «etxekoaren alde» busti dira, baina gehiegi arriskatu gabe. Aspeko Jokin Etxanizek, esaterako, «biak jokoan hain desberdinak izanda, biek irabazteko aukera ugari» dituztela nabarmendu du. «Aimar aukerak aprobetxatzen saiatuko da, horretan artista delako; gainera, defentsa ikaragarria dauka eta ikusi da eskuinez freskoago dagoela. Juan esplosiboagoa da, eta, dominatzen badu, errazagoa izango du. Buruz burukoan ez dago misteriorik».

Asegarceko Salva Vergarak ere ez du pronostiko garbirik, baina bere analisian Aimarrek Oinatz Bengoetxearen aurkako partidan benetan txunditu zuela onartu du. «Ez nuen pentsatzen horrela jokatuko zuenik, entrenamenduetan oso baxu ikusten nuen, eskuinarekin ez zuen jotzen eta Julenen aurka ere berdin aritu zen, eskuinarekin batere mugitu gabe. Oinatzen aurka oso ondo gurutzatu zuen, baina zaila da horren perfektu jokatzea, are zailagoa final batean. Perfektu jokatu behar du irabazteko».

Xala: «Boladaka joango da»

Kantxan arerio eta lagun izan dituztenek ere, asko jota enpresakidearen alde egin dute. Oraindik ere egungo txapeldun den Xalaren iritziz, «bi pilotariak oso momentu onean heltzen dira finalera. Partida boladaka joango da eta horien arabera mugituko da markagailua. Lehen minututik partidan sartzea lortzen duenak asko izango du irabazita. Nik konfiantza handia daukat Juan Martinez de Irujorengan», azaldu du.

Oinatz Bengoetxearentzat, finalaren giltza errematean egongo da. «Biak ere sasoi ikaragarrian daude eta ikaragarri jokatzen dute pilotan. Iruditzen zait eurak baino gehiago jokatzea ezinezkoa dela, eta, agian, ezinezkoa izango dela. Edozeinek irabaz dezake; errematean asmatzen duenak aterako du aurrera finala».

Enpresekin loturarik ez duten pilotari ohiek ere ez dute ezer garbirik aurreratzen. Julian Retegiren iritziz, arlo fisikoak esateko asko izan dezake. «Aimarri mesede egin dio geldi egoteak. Pilotaria da, eskuetan ondo hartzen du pilota eta besoa fresko izanda askoz hobeto dominatzen du. Irujorengatik esango nuke nekatzen denean pixka bat urduri jartzen dela eta tantoa azkar amaitu nahi izaten duela; agian txispa apur bat faltako zaio lehia luzatzen bada».

Eratsungoarekin lehia gogorrak izan zituen bere garaian Ladis Galarzak. Egun ez da pronostikorik egiten ausartzen Baraibarkoa: «Jendeak bihotzak agintzen diona esaten du, baina oso irekita dago finala. Gerta daiteke galtzailea bostean geratzea, baina oso orekatua ikusten dut eta ez naiz ausartzen pronostiko bat egitera. Txanpona airera botatzea bezalakoa da; ez dago pronostiko batekin ausartzerik».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo