GARA > Idatzia > Kultura> Ikus-entzun

Info7 irratiak Euskal Herriaren eta Eslovakiaren arteko partida zuzenean emango du gaur

Lehenengo aldiz emango du zuzenean futbol partida bat Info7 irratiak. Itziar Arteagak gidatuko du emankizuna eta Itziar Bakero futbolari ohia izango du alboan esatari lanetan.

p061_f01_98x85.jpg

Koldo LANDALUZE |

Orain arte, ohituago geunden Info7 irratiko mikrofonoak euskal festetan edo azoketan ikustera, edota sanferminetako txupinazoa uhinen artean entzutera. Baina, oraingoan, Info7 irratiak argi ikusi du kirol ekitaldi bat baino askoz gehiago izango dela gaur Anoeta futbol zelaian jokatuko den partida.

Info7 irratiak ausardi dezente duela erakutsi du sei urte hauetan: analisia, kultura eta musika jorratze bidean, sortzen diren notiziak jarraitzeko prest dagoela erakutsi du sarri. Horrela adierazi digu irratiko lankidea den Itziar Arteaga kazetariak: «Eskura ditugun baliabide guztiekin berria non, irratia han egiten dugu. Eta hori gero eta egoera berri eta ezohikoagoetan egiten dugu; manifestaldien zuzeneko kontaketak gogoratu, besteak beste. Kirolzaleen, euskaltzaleen, berdintasunaren alde daudenen, herri mugimenduetan lanean ari direnen, herri honek ordezkaritza izateko eskubidea duela uste dutenen, futbolzaleen artean egotea da gure apustua».

Oraingoan, Anoetan sortuko den giroa zuzenean bizitzea eta horren berri ematea izango da irratiaren xedea. «Aurrez partidara joatekoak direnen zerrenda egin eta galdezka ibili gara, galdeketa moduko bat egiten. Alferrikakoa izango zela uste genuen, baina askok esan digute etortzeko asmoa dutela. Bertan izango garenez, Info7n iritzia emateko prest dauden galdetu diegu eta guretik pasoko direla esan digute. Hala, iritziak jasotzen arituko gara», azaldu du Arteagak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo