GARA > Idatzia > Euskal Herria

Mundu osoko 1.300 adituk teknologia sanitarioak ebaluatuko dituzte Bilbon

Bilbon gaur hasi eta asteazkenean bukatuko den HTAI kongresua, nazioarte mailan, teknologia sanitarioen inguruko kongresurik garrantzitsuena da. Hartara, 900 komunikazio baino gehiago, 17 formakuntza ekintza inguru eta batzar eta hitzaldi ugari ospatuko dira.

Jon ADAN |

Euskalduna jauregian ospatuko da gaur eta asteazkena bitartean HTAI ( Ingelesez, Teknologia Sanitarioen Ebaluazioa), nazioarte mailan osasun teknologien arloan ospatzen den kongresurik garrantzitsuena. Bertan, besteak beste, etorkizuneko arreta sanitarioak, osasun arloan egingo diren berrikuntza aipagarrienak eta pertsonei bideratutako sistema sanitarioak eztabaidatuko dira. Hartara, 51 herrialde desberdinetatik etorritako osasun arloko 1.300 aditu baino gehiago izango dira egunotan Bilbon. Gehienak Britainia Handitik, espainiar Estatutik, Brasildik eta Kanadatik etorritakoak dira. Bakoitzak bi egun igaroko ditu Bizkaian. Guztira 2,5 milioi euro inguruko diru sarrerak espero dira.

HTAI kongresua atzo aurkeztu zuten, Bilbon emandako prentsaurrekoan. Aurkezleak, HTAIko presidentea Clifford Goodman, Barack Obama AEBko presidenteak bultzatu zuen osasun erreformaren aholkulari izandakoa eta Jose Asua, Lakuako Ezagutza Gestioko eta Ebaluazioko Zuzendaria izan ziren.

Asuak HTAIren kontzeptua azaldu zuen: «Nazioarteko zientzia sozietatea da, eta teknologia sanitarioei buruzko ezagutzak partekatzen dira bertan. HTAIk ikertzaileak, politikoak, erakundeak, gaixoak zein kontsumitzaileak hartzen ditu bere baitan». Horiek horrela, Bilbon gaur hasten den kongresuan, 900 komunikazio baino gehiago, 17 formakuntza ekintza inguru eta batzar eta hitzaldi ugari ospatuko direla adierazi zuen.

Kongresuaren helburu nagusia ere azaldu zuen Asuak: «Teknologia sanitarioen erabilpen egokia sustatzea da helburua, segurtasuna, eraginkortasuna, erabilgarritasuna eta ekitatea xede hartuta».

Goodmanek, azken urteetan osasun teknologien ebaluazioa eskatzen duten faktoreak zeintzuk diren azaldu zuen; hala nola, populazioaren zahartzea, herrialde garatuetan gizarte klase ertainaren hazkundea, prezioen igoera edota teknologien zein sendagaien erabilera okerrak aipatu zituen.

Hitzaldi nagusiak

HTAI kongresuan egingo diren ekintzen artean hiru hitzaldi aipagarri daude. Astelehenean, Hans Westerhoff Biologia katedradunak medikuntza pertsonalizatuaz hitz egingo du. Asteartean, Harvard Unibertsitateko osasun zerbitzu eta politika ikertzailea den Adam Elshaug, balio erantsi baxua duten teknologiak ezabatzean oinarritutako osasun sistemaren hobekuntzaz arituko da. Asteazkenean, ordea, Cral May, Medikuntza Soziologian katedraduna, telemedikuntzaz mintzatuko da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo