GARA > Idatzia > Kultura

Lakuak %26tik gora jaitsi dio laguntza «Gaur8» astekariari

Euskarazko hedabideei zuzendutako diru laguntzak %11 jaitsi ditu iaztik Lakuako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak. Murrizketa hori ez dute, ordea, neurri berean pairatu komunikabide guztiek: GARArekin larunbatero argitaratzen den «Gaur8» astekariaren laguntza %26,43 jaitsi da, eta, Interneteko laguntzak orokorrean igo egin badira ere, astekari horren atariari dagokiona %32 jaitsi da. «Zazpi haizetara» aldizkariak %10,76ko murrizketa izan du.

Ane ARRUTI |

Iaztik hona, 605.000 euro gutxiago bideratu ditu Lakuako Kultura saileko Hizkuntz Politikarako Sailburuordetzak euskarazko egunkari, aldizkari, irrati, telebista eta Internet bidezko hedabideentzat, 4.875.000 euro guztira. %11ko jaitsiera izan da orokorrean baina alde handiak daude hedabidetik hedabidera. Multzoka hartuz gero, tokiko aldizkariak izan dira kaltetuenak, %17,6ko jaitsierarekin. Horien artean, «Eta kitto!» (-%43), «Noaua!» (-%40), «Berbaz» (-%53) edo «Ttipi-ttapa» (-%28) izan dira jaitsiera handiena pairatu dutenak.

Informazio orokorreko aldizkarien artean aurkitzen da «Gaur8», GARA egunkariarekin larunbatero argitaratzen den euskarazko gehigarria. Sail honetara bideratutako dirua %9 gutxiago bada ere, iaz baino 36.118 euro gutxiago jasoko ditu aurten «Gaur8»-k, %26,43ko jaitsiera, hain zuzen.

«Zazpi haizetara» bidaia aldizkariak ere 11.475 euroko murrizketa izan du, %10,76.

Multzo honetan alde nabarmenak daude aldizkaritik aldizkarira. «Uztaro»-k, adibidez, ia %30eko jaitsiera izan du, «Egan»-ek %53 eta «Argia»-k %3,3.

On line, igoera

On line albiste atariek, orokorrean, diru laguntza handiagoa jaso dute, 105.500 euro gehiago bideratu baitira multzo honetara, 485.500 euro guztira. Hala ere, batzuentzat igo egin dira laguntzak baina, Gaur8.info atariaren kasuan, esaterako, %32ko jaitsiera egon da, 10.000 euro gutxiagorekin. Igoera izan dutenen artean daude Hitza-ren atari gehienak, Lea-Artibaikoa eta Irutxulokoa izan ezik. Diru gehien Berria.info-k jaso du, jaitsiera izan badu ere, eta ondoren Bizkaie! eta Europapress.es.

Irrati eta telebisten laguntzek ere behera egin dute, %9. Nabarmentzekoak dira Xorroxin Irratiaren (%34) eta Arrate Irratiaren (%17) jaitsierak edo Erlo Telebista (%31) eta Hamaika Bilborenak (%18).

Egunkariei dagokionez, 180.000 euroko murrizketa izan da, %9koa. Guztira 1.820.000 euroko laguntza banatu da «Berria» egunkaria eta talde bereko «Hitza» argitalpen ezberdinen artean. «Berria»-k, zehazki, 1.449.250 euro jaso ditu, iaz baino %9,6 gutxiago, eta «Hitza»-ren kasuan, Oarsoaldekoak eta Urola Kostakoak iaz baino zerbait gehiago jaso dute, gainerakoen laguntzek behera egin duten bitartean.

Gipuzkoa, Bizkai, Araba eta Nafarroako «Hitza»-k tokiko aldizkari moduan aurkeztu dira eta %13ko murrizketa izan dute, batez beste.

Egunero argitaratzen den «Hernaniko Kronika»-k ere 10.374 euro gutxiago jaso ditu, %24,76ko jaitsiera.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo