Ixabel Etxeberria | Irakaslea
Podere guztiak!
Alderdi Sozialistak bi diputatu lortu ditu gure eskualdeetan, sekula gertatu ez zena, benetako aldaketa, eta seigarren barrutiari dagokionez, aspertze kolektiboaren seinale
Alderdi Sozialistak bi diputatu lortu ditu gure eskualdeetan, sekula gertatu ez zena, benetako aldaketa erakusten duena eta seigarren barrutiari doakionez, benetako hautagai batekiko aspertze kolektiboaren seinale. Izan ere, denek genekien Alderdi Sozialistako hautagaia AHTren alde dela. Haatik, barrutiak haren alde bozkatu du. Ez du horrek erran nahi AHTren kontrako borroka ahulduko denik, baina orri bat pasatzeko garaia heldu dela argitu dute herritarrek. MAM baztertua, UMP alderdiaren porrota da, hain luzaz jaun eta jabe izan den tendentzia politiko baten ahultze garbia.
Hala ere, Alderdi Sozialistako kide guztiak ez ditugu pozik eta Frantxua Maitiaren erreakzioa, bera ez baita hautatua izan, nahiko lotsagarria da urteak eta urteak hautetsi aulkian bizi den politikariarentzat. Urteak pasatu eta pasako ditu diru publikoa banatzen, ustez eskuzabaltasunez ari dela, guk denok utzitako dirua banatzen ari delarik. Gero eta gehiago ikusten den fenomenoa dugu hau. Alegia, hautetsiek honenbeste urtez gelditzen diren hautetsi postuetan ez dutela ulertzen zer gertatzen den garaituak direlarik. Ardura politikoen metaketa ez da gehiago onartzen, hau ongi da ardura bakoitzarekin nahiko lan dute ongi aritzekotan, orai mandatuen kopurua mugatu behar litzateke, bi mandatu jarraian eta aski, txanda pasatu.
Alderdi sozialistak podere guztiak ditu nahi duen politika eramateko, edo Europatik onartuko diotena egiteko. Ez da inoiz gertatu. Aukera du ezkerreko politika martxan emateko, aukera du kalean bizi direnei aterpe bat emateko, miseriaren kontra neurriak hartzeko, ez baditu denak pozten bederen deus gabe gelditu direnak salbatzeko. Asko daude, Parise inguruetako bide bazterretan plastiken azpian bizi den jende asko dago, familiak, haurrak. Egoera hori aldatzeko bidea irekitzeko nahikeria baduela erakutsi behar du, hutsak diren etxeak hartzeko eskubidea zabaldu behar da, ezin baita gaur egun jendea karrikan bizitzen utzi. Badakigu zergak eta erregaien prezioak igoko dituztela, onargarria litzateke miseria desagertuko balitz.
Alderdi Komunista ez da gobernuan sartzen. Aho batez hartutako erabakia; komunistak ez dira sobera fidatzen sozialistek hartuko dituzten neurriez. Gutxieneko hilabete-sariari buruz %2ko emendatze bat aipatzen zen azken egun hauetan. Kanpaina denboran emendatzea defenditu zuten sozialistek; agertzen da nahiko emendatze mugatua izanen dela, gutxieneko hilabete-saria (SMIC) 1.398 eurotan delarik zergak kendu aitzin. Europako herri batzuetan dagoena baino altuago dudarik gabe, baina gutxienekoa segurtatzeko, familia askorentzat eskas gelditzen dena.
Adi egonen gara, hautatuak izan diren gure eskualdeko diputatuen urratsak segituko ditugu, batek Barne ministroarekin hitzordua eskatuko duela iragarria du. Hollande hautatu ondotik militanteen atxiloketek eta Valls ministroaren azalpenak ez ziren esperantzagarriak. Ikus dezagun aldaketarik baden euskal gatazkari buruz, diputatuek eginen dituzten galderei erantzun beharko dute, horren arabera gogoetak izanen dira.