Yosemite | Errekorrak
«The Nose» bideak baditu eskalatzaile azkarrenak
Hamabost egunen buruan, Yosemiteko bide mitikoko bi errekorrak ondu dituzte. Jes Meiris eta Quinn Brettek osatutako emakumezko sokadak 10 ordu eta 19 minutu behar izan ditu. Gizonen artean, Alex Honnold eta Hans Florinek jarri dute marka: 2 ordu eta 23 minutu.
Andoni ARABAOLAZA
Yosemiteko denboraldia pil-pilean dagoela inork ez du ukatzen. Azkenaldiotan orriotako irakurlea ohartu da Kaliforniako bailara horretan dauden hormatzar entzutetsuenetan mugimendu handia badela. Horrela jakinarazi dugu behin eta berriz.
Bada, ekain honetan argi dago errekorren aldeko apustua egiten duten espezialistak ez direla geldirik egon. Batzuek, makina bat pareta eta luze eskalatu nahi dituzte ahal den denbora gutxienean. Beste batzuek, berriz, «nahikoa» dute «The Nose» bezalako bide mitiko bat azkar-azkar eskalatzearekin. Marra horretan ezarri diren denborak hobetu nahi izan dituzte, eta, protagonista batzuek bederen, euren asmoa erdietsi dute. Gainera, emakumezkoek zein gizonekoek osatutako sokadetan. Jakina, guztiak ala guztiak eskalatzaile estatubatuarrak dira.
Lehenbizikoei dagokienez, aipatu behar da Jes Meiris eta Quinn Brettek 10 ordu eta 19 minutu behar izan dituztela «The Nose» eskalatzeko. Horrela bada, iazko irailean Libby Sauter eta Chantel Astorgak ezarritako denbora (10 ordu eta 40 minutu) 21 minututan hobetu dute.
Nahiz eta emakumezkoen errekor berria ezarri duten, eskalatzaileok ez zuten halakorik espero: «Eguraldia bikaina zen oso. Geure asmoa saio on bat egitea zen, baina entrenamendu modura. Ez dakigu ze pasa zen, baina, badirudi, den-dena ondo atera zitzaigula. Gailurrera iritsi ginen, eta eginiko denborarekin zur eta lur geratu ginen. Gainera, kontuan hartu beharra dago eskalatzen ari ginela hainbat sokada pasa genituela. Bideak 32 luze ditu, eta azken luzean bost sokada gainditu genituen. Eta beherago beste batzuk».
Gogora dezagun, benetako lehen errekorra 2004. urtean Heidi Wirtz eta Vera Schulte-Pelkumek jarri zuten: 12 ordu eta 15 minutu. Ondoren, aurreratu dugun bezala, Sauter eta Astorgak 10 ordu eta 40 minutura jaitsi zuten. Eta, azkenekoa, lerrootako protagonisten marka berria: 10 ordu eta 19 minutu.
Horixe izan da Kapitaineko hormatzarrean eman den azkartasuneko lehen berri nagusia; aipatu dugunez, «The Nose» bidean. Errekor horren berri izatean, gizonezko espezialista batek, Hans Florinek, txalotu egin du emakumezko sokadak egin duen lana: «Eskuarki, gizonezkoak izaten gara `The Nose' marran errekorrak ezartzen saiatzen garenak. Azken bolada honetan, berriz, hainbat emakume gogor aritu dira, eta izugarri emaitza onak lortu dituzte. Jes eta Quinnek egin dutena goraipatzeko modukoa da, inspirazio iturri bikaina izan da niretzako».
13 minutu gutxiago
Florine aipatu dugunez, esan behar dugu eskalatzaile hau ere protagonista izan dela. Estatubatuarrak 20 urte baino gehiago daramatza «The Nose» bidean gora eta behera. 1990. urtean, adibidez, Steve Schneiderrekin batera errekor berria ezarri zuen: 8 ordu eta 6 minutu. Ondoren, beste bost egin ditu: 1991n, 1992an, 2001ean, 2002an eta 2008an. Eboluzioa ikusteko, azken urte horretan Yuji Hirayamarekin marra hori eskalatzeko 2 ordu eta 48 minutu behar izan zituen.
Eta protagonista izan dela diogu, aipatu dugun emakumezkoen sokada horrek eginiko lanetik 15 egunera beste errekor baten bila irten zelako. Alex Honnoldekin batera iragarri zuen pasa den 17an errekor berri baten bila aterako zirela. Eta, zaila baino zailagoa bada ere, sokada horrek helburua bete zuen: 2 ordu eta 23 minutu. Horrek esan nahi du duela bi urte Sean Leary eta Dean Potterrek jarritako marka 13 minutuan hobetu dutela.
Florine eta Honnoldek eginiko iragarpenak oihartzun handia izan zuen. Hala, makina bat eskalatzaile bertaratu zen Kapitaineko «agertokira»; hain zuzen ere, eskalada hasi aurretik, 30 bat lagun izan zituzten animoak ematen. Beste batzuk, berriz, paretaren aurrean jarri ziren prismatiko eta guzti; jakina, eskalatzaileen «esprinta» jarraitu ahal izateko.
Florine eta Honnoldek den-dena prest eta erabat lotuta zuten. Jakin bazekiten egun horretan bero egingo zuela, eta, horregatik, goizeko seiak izateko zortzi minutu falta zirela hasi ziren eskalatzen. Asmoa: bideak dituen 900 metroak itzalean igotzea. Eskalada hasi eta 2 ordu eta 23 minutu geroago protagonistok kronoa gelditu zuten. Harrigarria bada ere, azkartasuneko beste errekor bat ezarri zuten.
Jakin badakigu biak ala biak espezialista handiak direla eta sasoiko iritsi zirela (azkenaldiotan Honnoldi buruzko berriak maiz irakurri izan dituzue orriotan), baina 13 minutu gutxiago egitea harrigarria da.
Marra hori 1958. urtean zabaldu zenetik errekorren eboluzioa ia sinestezina izan da. Hiru ordutik behera 2002. urtean hasi ziren, Hirayama eta Florinen 2 ordu eta 48 minutuekin. Bada, 10 urteren buruan, 25 minutuko aldea eman da.
Pasa den hilak 17an, Florine eta Honnoldek 2 ordu eta 23 minutuko errekorra jarri zuten, eta izan badira denbora hori ondu egin daitekeela diotenak.
Alex Honnold eta Hans Florinek 13 minutuan ondu dute duela bi urteko marka, 2 ordu eta 23 minutuko denborarekin
Jes Meiris eta Quinn Brettek osatutako sokadak 10 ordu eta 19 minutu behar izan ditu «The Nose» bidea eskalatzeko