Surfa
Mundu mailako lehen txapelketa Hego Korean
ASP erakundeak WQS mailako lehen txapelketa egin berri du Koreako olatuetan.
Haritz LARRAÑAGA ALTUNA
Pasa den ekainaren 17an izan zen lehen aldiz ASP erakundeak antolatutako surf txapelketa Hego Korean eta irabazlea Connor O'Leary izan zen. Txapelketa arrakastatsua izan zen.
Murasaki Quiksilver Jeju Open izeneko txapelketa Jungmun izeneko hondartzan izan zen WQS mailan, bi izarreko txapelketa izan zen.
Jeju irlako hondartza honetan eguzkia eta metro bateko olatu politak izan ziren nagusi txapelketak iraun zuen artean eta lehiakideek, bertakoek zein kanpokoek, surf maila altua erakutsi zuten.
Finalerdietan bi japoniar izan ziren, Kaito Ohashi eta Izuki Tanaka, baina ez zuten txanda pasatzea lortu, haien arerioak izan ziren lehen eta bigarren postuak jokatu zituzten lehiakideak, Nathan Hedge eta Connor O'Leary, biak australiarrak.
Hedgek 8 eta 8,5 puntuko olatuak egin zituen, baina bera baina gazteagoa den O'Leary aurkariak 9 eta 9,5 puntuko olatu bikainak egin zituen eta, beraz, txapela eskuratu ahal izan zuen.
Sari banaketan, bi lehiakideek hartu zuten hitza antolatzaile, babesle, zein bertako jendeari, izandako eskuzabaltasunagatik eskerrak emateko.