GARA > Idatzia > Kirolak> Surf

Surflari Ernegatua

Zein erraza den zu engainatzea

Zein erraza den goiburu deigarri bat asmatu, irizpide gabeko kazetariak bildu eta propaganda lanetan jartzea. Ez pentsatzeko hezi duten ikusleria engainatzea. Denetarik dago, taulak, ur jantziak, argazki batzuk, baita uretako motor bat ere. Ez dago, baina, ehun urteko ibilbidea erakusten duen adierazgarririk, egiaz ez baita halako ibilbiderik izan.

 

Pasa den astean hitzetik hortzera zebilen albistea, Bilboko Itsasadarra itsas museoan jarri berri duten erakusketa «Surf x 100 mende bat surfean. Euskadi, Asturias, Galizia». Erakusketa interesgarria, esaten dioten guztia sinesteko prest dagoenarentzat.

Ehun urteko historia? Ehun urte surfean? Zein erraza den goiburu deigarri bat asmatu eta komunikabideak erakartzea. Irizpide gabeko kazetariak bildu eta propaganda lanetan jartzea. Ez pentsatzeko hezi duten ikusleria mezu faltsu batekin engainatzea.

Orain 100 urte gasteiztar batek Hawaiitik liburu bat eta taula bat ekarri omen zituen. Taularen arrastorik ez da, ezta surf egin ote zuenaren frogarik ere, baina ehun urteko historiaz mintzo dira.

Europan, lehen erreferentzia Biarritz da. 1957an hasi zen Ipar Euskal Herrian surfa indarra hartzen eta hortik zabaldu zen inguruetara.

Ez, ez da Biarritz Europan surf egin zen lehen lekua, aurrez beste zenbait lekutan ere izan ziren surf taulak eta surflariak, Ingalaterran kasu, baina kasu bakanak izan ziren. Surfak garapen handiagorik izatea lortu ez zuten adibide gisa aurkez daitezkeen kasuak dira.

Agatha Christie idazlea esaterako, Europan zutik surf egin zuen lehen emakumeetako bat izan zen. 1922an egin zuen surf lehenengoz, Hegoafrikan, eta ondoren baita Ingalaterran ere. Idatziak eta argazkiak badira froga gisa.

Ingalaterran, Devon izeneko herri batean Ingalaterrako surfaren museoa dago. Bertan denetarik aurki daiteke, baina batez ere frogak eta historia. Historia benetakoa. Eta hala ere, gurean baino apalagoak dira, ez dira ehun urteko ibilbideaz mintzo eta oso ongi uztartzen dituzte jazotako gertakariak.

Gurean, surfak izan duen ibilbide historikoa oso aberatsa da; ez dago gu baino atzeratuagoak egon diren eta dauden herrialdeetara jo beharrik, eta are gutxiago, goiburu deigarri eta erdizkako egiekin bazterrak nahasten ibili beharrik.

Erakusketa horretan denetarik dago, taulak, ur jantziak, argazki batzuk, baita «Barrio» pelikulan lapurtu zuten uretako motorra ere, hainbeste jogurt tapa balio zituena. Baina, egiari zor, ez dago ehun urteko ibilbidea erakusten duen adierazgarririk, egiaz ez baita halako ibilbiderik izan. 1912an ekarritako liburu horren eta 60ko hamarkadaren artean ez da deus.

Erakusketa adierazgarria da oso, egun surfean, eta gizartean orokorrean, nagusi den panorama triste hau oso garden azaleratzen duena. Proposamen bat; erakusketa horretan daudenak baino taula zaharragoak, neopreno antzekoak eta argazki historikoak ikusi nahi badituzue, eta doan, Zarauzko Surf Eskolatik pasa zintezkete. Kontuz, ez nahastu Zarauzko Surf Elkartearekin, horiek ere jendea engainatzeko frogarik gabeko historiak eraiki eta aurkezten maisuak baitira.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo