GARA > Idatzia > Euskal Herria

EH JAIETAN | ARBIZU

Banda Bassotti eta Zopilates Txirriaos doan, Arbizuko jaietako Gazte Egunean

Asteburua pasa bada ere, Arbizun jaietan izango dira ostiral arte. Egitarau zabala dute oraindik, baina asteazkenean Banda Bassotti eta Zopilates Txirriaos taldeen kontzertuek jende andana erakarriko dute.

p019_f02.jpg

GARA | ARBIZU

Asteburua pasa da, baina Arbizuko jaiek goiari eusten diote. Asteazkenean, adibidez, Gazte Eguna izango da eta kontzertu bikaina antolatu dute Sakanako herri honetan.

Italiatik etorritako Banda Bassotti ospetsuarekin batera, Los Zopilates Txirriaos talde nafarra ere arituko da Arbizuko plazan 23.30etik aurrera. Krisi garai latz hauetan prezio ederrean jarri dute kontzertua, alegia, zero euroan.

Ekitaldi hori, ordea, Gazte Egunerako antolatu den zerrenda luzeko azkena baino ez da. Eguerdian hasiko dira Arbizuko gazteak 1512ko konkista gogoratzen. Hori dela eta, XVI. mendeko arropak jantzita azaltzeko deia egin dute. 14.00etan gazte bazkaria izango dute eta 17.30ean, trikipoteoa.

Gaur, Kintoen Eguna

Dena den, Gazte Egunera heltzeko oraindik asko gelditzen zaie arbizuarrei. Gaur, adibidez, Kintoen Eguna ospatzen dute eta egitarau zabala osatu dute. 10.00etan dianak izango dira Sakanako Trikitixa Eskolarekin. Ordubetera, kintoak eskean hasiko dira eta pilota partiden finalak jokatuko dira.

Eguerdian, «aatea» izango dute Zotolan eta 16.00etatik 19.30era jolas parkea zabalik izango da. 17.00etan piper-opilen tailerra hasiko da eta 19.30ean Zirika Zirkusen «Zirika Zirkaos» ikuskizunaz gozatzeko aukera izango da.

20.00etan, berriro ere «aatea» egingo dute eta piper-opil dastatzea izango da. Tripa bete ondoren, 20.30ean dantzaldia hasiko da Gabezin taldearekin 22.00ak arte. Afaldu eta gero, berriro dantzaldia, eguerditik goizaldeko hirurak arte.

Bihar, Erretiratuen Eguna

Erretirodunek ere badute euren eguna Arbizuko jaietan, biharkoa. 12.00etan tailerrak izango dituzte eta ordu berean, meza. Ordu erdi geroago herriko helduenei oroigarriak banatuko dizkiete eta 13.00etan erretiratuentzako espresuki prestatutako luncha. 13.30ean Xanti eta Katxoren emanaldia hasiko da. Arratsaldean, 16.30ean, truk txapelketa izango dute eta 17.00etan haurrei izozkiak banatuko dizkiete, eta mendi bizikleten erakustaldia izango da Burgelden. 18.00etan playback txapelketa eta 20.00etan, aatea eta buruhandiak.

Xanti eta Katxok egun luzea izango dute Arbizun, eguerdiko emanaldiaren ostean, 20.30ean dantzaldiari ekingo baitiote. 21.30ean, emakumeen afaria hasiko eta 22.00etan, bertso afaria. Ondoren, eguerdian Xanti eta Katxoren txanda helduko da berriz; dantzaldia izango da goizaldeko hirurak arte.

Ostirala izango da jaietako azken eguna, preso eta iheslariei eskainitakoa. 12.00etan, Sakanako buruhandien kontzentrazioa, aatea eta pintxo txapelketa izango dira. 12.00etatik 14.00etara jolas parkea zabalik izango da eta 13.00etan, triki-bertso-pintxo-poteoa. Orduan ere independentziaren aldeko «ordu berdea» hasiko da eta berdez jantzita joateko eskatu dute antolatzaileek.

16.30ean mus eta briska txapelketa hasiko dira eta 20.00etan aatea izango da eta kontzentrazioa. Azken eguneko dantzaldia trikitiari eskainita dago; 23.00etan argazki emanaldirako etenaldia egingo dute.

lehiaketak

Hiru lehiaketa izaten dira Arbizuko jaietan: lorez apainduriko balkoiena, argazkiena eta kartelarena. Sariak jaietako azken egunean banatuko dizkiete irabazleei.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo