GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

sega | Euskal Herriko Liga

Mitxelenak oraindik maila handia duela erakutsi du

Alatzne Etxaburuak, bigarren jardunaldia irabazi ostean, ia erabakita utzi zuen Emakumezkoen Liga.

p038_f01.jpg

Jon LEUNDA

Bixente Mitxelenak eta Alatzne Etxaburuak irabazi zituzten Etxalekun jokatu zen Euskal Herriko Ligako Bigarren jardunaldiko saioak. Mutilek 100 metro karratuko sail bana moztu behar izan zuten, eta neskek, berriz 35 metro karratuko saila.

Igor Esnaola izan zen lehen jardunaldiko irabazlea, eta bigaren jardunaldiaren ostean, lehenengo postuan jarraituko du Legorretako segalariak. Hortik atzera, sekulako berdintasuna dago Mitxelenaren, Altzoren eta Goenagaren artean. Uztailaren 22an Zaldibian jokatuko den azkeneko jardunaldian erabakiko da dena, baita lehenengo postua ere, oraindik ez baitago ezer ere erabakita. Lehen jardunaldiko lan bikainaren ostean, Esnaola zen bigarren jardunaldia irabazteko faborito nagusia, baina aurretik ere iragarri genuen Mitxelenarekin eta Altzorekin ere ez zegoela ahazterik. Bi beteranoak oso maila ona eman zuten Tolosako lehen jardunaldian, eta ordukoa baieztatu egin zuten. Bixente Mitxelena izan zen onena, bigarren sailkatu zen Igor Esnaolari zortzi segundoko abantaila kenduz.

Goenagak ere hasierako jardunaldian lan bikaina egin zuen sailkapeneko bigarren postuan amaituz, baina bigarren jardunaldi honetan laugarren postuarekin konformatu behar izan zuen, eta Liga irabazteko aukerak okertu egin zaizkio. Altzok, berriz, lehen saioko lana hobetu egin zuen, eta dena bukatu arte bera ere oso kontuan hartu behar dela argi eta garbi utzi zuen.

Emakumezkoetan, estreinako saioan ezin izan zuen aritu Arrate Garinek, baina herenegungo saioan izan zen Legorretakoa. Bera zen irabazteko faboritoa, baina ezin izan zuen garaipenik lortu, eta bigarren postuarekin konformatu behar izan zuen. Garaipena berriro ere Alatzne Etxaburuak eskuratu zuen, eta horrekin batera Liga ere ia-ia segurtatuta utzi zuen. Geratzen den jardunaldian oso lan txarra egin beharko du Etxaburuak, bestela garaipena beretzat izango da. Alatznek, gainera, alde handia kendu zion Garini, ia minutu erdia.

Liga amaitzeko jardunaldi bat besterik ez da geratzen eta hori uztailaren 22an izango da Zaldibian. Hantxe erabakiko dira txapel guztiak, nahiz eta emakumezkoetan erabaki beharrekoa ia erabakita dagoen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo