Aizkora | Desafioa
Unai Otañok alde handia eman zien Ipintza anaiei eta ezin izan zuen irabazi
J.L.
Unai Otañok lan bikaina egin zuen atzo Abaltzisketan jokatu zuen desafioan, baina ezin izan zuen Ipintza anaien aurkako neurketa irabazi. Amaieran lau segundok erabaki zuten auzia, eta Ibarrakoak garaipena gertu izan bazuen ere, ezin izan zuen balentriarik egin.
Unai Otañok zortzi 60 ontzako erdibitu behar izan zituen, eta Ipintza anaiek, berriz, zortzi kana-erdiko. Ibarrako aizkolariak enborretan alde handia eman zien bi anaiei, egur handiagoak moztu behar izan zituelako, baina horretaz gain, Abaltzisketako anaiek txanda librean aritu behar zuten.
Hiruren artean ere bazegoen beste ezberdintasun bat. Unai Otaño egun dagoen aizkolaririk onenetakoa da, askoren ustez, aurtengo Euskal Herriko Txapelketa irabazteko faborito nagusietako bat da. Ipintza anaiak, berriz, lehen aldiz aritu ziren plaza batean.
Saioa oso ona atera zen. Hiru aizkolariek sekulako lana egin zuten. Beti parean aritu ziren, eta Abaltzisketako plaza bete zuten zaleek sekulako gozatua hartu zuten. Lan guztiak amaitzeko, 26 minutu eta 18 segundo behar izan zituzten Ipintza anaiek. Unai Otañok, berriz, 26 minutu eta 22 segundo behar izan zituen bereak amaitzeko.
Urrezko Aizkoran, Txapeldunen Ligako lehen jardunaldia jokatu zen Ondategin. Bertan, Nazabal eta Larretxea neurtu ziren, eta Etxarrikoa gailendu zen. Jokatu beharreko sei probetatik bost bereganatu zituen Nazabalek. Asteazken honetan, 12.00etan Hernanin, Azurmendi eta Otaño neurtuko dira.