Josebe Egia
Bilakatu ez da gainditu
Asteburua jendez inguratuta eman dut, gai baten edo besteren inguruan hitz egin behar zuen jendez; gaia hartu eta berau garatu behar zuten, hitzaldi bat ematen ariko balira bezala, jendaurreko nerbioak menderatze aldera. Gai horietako bat «berdintasuna» izan da, eta horren gainean esandakoak, eta esan gabeak ere, zinez interesgarriak iruditu zaizkit, kaleko ikuspuntu nagusiaren erakusgarri.
Agian, ekainaren 28a, Gay eta Lesbianen Harrotasunaren Eguna ospatzen den hori, hurbil dagoelako-edo, pertsona horietako askok joera sexualak dakarren berdintasun ezaz jardun zuten; agian, krisiak ageriago utzi duelako bizi garen sisteman ahulak ahulago direla eta sakrifikatzen lehenak zer nolako gauzak diren, eta horrek nori eragiten dion, lan-esparruko berdintasun ezaz aritu ziren; beharbada, asko amak direlako eta asteburua etxetik kanpo eman dutelako, aspaldiko partez bakarrik eta emakume huts izanda, ez ama, ez zaintzaile, ez emazte, emakume besterik ez, eremu pribatuko berdintasun ezaren salaketa egin zuten. Horrekin lotuta, gazte bati baino gehiagori entzun nion «aitak lagundu egiten dio amari, ahal duenean, eta askotan harrikoa ere egiten du, amantala eta guzti». Lagundu ez da, ordea, partekatu; lagundu ez da, baina, ardura banatu; lagundu ez da inola ere osoki parte hartu. Baina hori badakite egungo gazteek, eta entzundakoen arabera, neskatilak ez daude prest laguntza hutsarekin konformatzeko, harremanetan berdintasunak zer nolakoa izan behar duen garbi dute.
Gazte edo ez horren gazte, bitxia da berdintasunak beti gizon eta emakumeen arteko arraila ekartzea gogora, hitza entzute soilarekin sexu bien arteko abantaila-aukera-eskubide aldeaz pentsatzen jartzea; pentsa liteke herrialdeen arteko berdintasunaz, edo arrazena, aberatsak eta txiroak, lurraren banaketa, edo besterik, baina gehiengoaren baitan berdintasuna emakumeon borrokaren irudiarekin hertsiki lotuta dago. Bitxia den moduan gaia «berdintasun eza» bilakatzea beti, lorpen edo aurrerapauso txikiak onartuta, gehienek, lortu gabekoen zerrenda osatzeari ekinda. Alderdi horrek, badu itxaropena emateko arrazoirik, badu jendeak errealitateari zuzen begiratzen diola egiaztatzeko arrazoirik, zein jendarte eredutan bizi garen eta gauzak nola dauden ohartzen dela ikusteko arrazoirik. Duela hamarkada batzuekin alderatuta, emakumeon bizitza asko aldatu da, ezin ukatu, baina pozgarria da ikustea aurrera egite horrek ez duela jendea itsutzen, ez duela hondoan zer dagoen garbi ikustea eragozten.
Batzuek «gainditu» ikusten duten tokian, gehienok «bilakatu» baino ez dugu ikusten. Bilakatuk, ordea, ez du nahitaez gainditu ekartzen. Jendartea bilakatu egin da, eraldatu, bizimoduak, pentsamoldeak, jarrerak... horrek ez du ekarri, baina, antzinako pentsamolde eta jokabide ugariren funtsa -matxismoa, homofobia, arrazismoa- desagertzea, bilakatu baino ez dira egin, eta jendeak berdintasuna ikusi barik horren eza nabarmentzea oso esanguratsua da, jende hori neska-mutilek eta gizon-emakumeek osaturiko taldea izatea bezain garrantzitsua.