ELECCIONES PRESIDENCIALES EN EGIPTO
Anaia Musulmanen «ordezko pneumatikoa»
Jose Angel ORIA | profila
Mohamed Mursi izango da Egiptok demokratikoki hautatutako lehen presidentea; Mubarak presidente kargutik kendu zuen iraultzaren ondorengo lehenengoa eta, gainera, islamista. Anaia Musulmanak sortu zutenetik 84 urte pasa direnean iritsi zaie une historikoa. Bera ez zuen asko harrituko berriak, hilaren 17an hauteskundeetako bigarren itzulia egin ondoren, bere indar politikoak hauteslekuetan bildutako datuak aztertu ondoren, garaipena ospatzera irten baitzen. Gauza bera egin zuten egiptoar askok, baina benetako agintea duten militarrek ez zituzten ezagutzera eman nahi Mubaraken diktadura erabat gainditzen hasteko beharrezkoak ziren Ahmad Shafik hautagaiaren porrota agerian uzten duten datuak. Mursiren aldekoak joan den asteartean irten ziren kalera beren garaipena aldarrikatzera eta militarren jarrera salatzera, eta bertan egon dira atzo hauteskundeetako emaitza ezagutarazi zuten arte.
Mursik berak badaki erakargarritasun eskaseko hautagaia dela. Agian horrexegatik, ideia islamistekin bat egiten ez duten iraultzaileak bereganatu nahi izan ditu azken egunotan, fulul edo Mubaraken aldekoei aurre egin beharra dagoela nabarmenduz: «Iraultzaren baloreei eusteko, fululen aurka bat eginda joan behar dugu».
Anaia Musulmanek sortutako Askatasuna eta Justiziaren Aldeko Alderdiko presidentea da Mursi. Urte asko egin ditu anaien erakundean lanean, nahiz eta legez kontrakoa zen. Auzo behartsuenetan urte horietan egindako lan ikaragarriak oraingo garaipenari ateak zabaldu dizkio.
Jendaurrean hizketan egin behar duen bakoitzean, koranari hasiera ematen dion fatiha izeneko formularekin hasten da, esan behar duenaren garrantzia nabarmentzeko. Askotan aipatzen du sharia lege islamikoa. Beti gorbata jantzita azaltzen da, eta ez da batere harroa, oso lotsatia baizik. Eta txikia.
Hauteskundeak antolatu dituzten militarrek Jairat al Shater Anaia Musulmanen lehenengo hautagaia preso ohia izateagatik lehiatik kanpo uztea erabaki zutenean, Mursi bihurtu zen talde islamistako aurpegi. Egipton bi hautagaiak alderatu dituzte: Mursi Al Shateren «ordezko pneumatikoa» omen da.
1951n jaio zen erdi mailako familia batean. Ingeniari ikasketak egin zituen eta Kaliforniako Unibertsitate batean irakasle aritu ondoren, 25 urte egin zituen Zagazigeko Unibertsitatean. 1979an sartu zen Anaia Musulmanen erakundean eta 1995ean iritsi zen zuzendaritzara. 1995etik 2005era diputatu izan zen Parlamentuan. Anaien eledun ez-ofizial izatera ere iritsi zen, Mubaraken agintaldian erakundea legez kontrakoa zenez, independente moduan aurkeztu behar baitziren islamistak. 2005ean galdu zuen eserlekua eta 2006an kartzelatu egin zuten sei hilabetez, hauteskundeetako iruzurra salatu zuten epaileekin bat egiteagatik.