GARA > Idatzia > Euskal Herria

Segik gazteriak «ekarpen asko» duela egiteko esanda amaitu du bere bidea

Gazte erakundearen bidea bukatu den arren, «gazteen borroka ez dela, inolaz ere, amaitu» agerian geratu zen atzo Itsasun. Bertaratu ziren ehunka gaztek bat egin zuten Segiko bozeramaileen mezuarekin. Euskal Herrian «aske izatea, ikastea, lan egitea eta bizitzea» lortu arte, gazte independentista eta ezkertiarrek «aportatzeko, borrokatzeko eta eraikitzeko asko» dutela nabarmenduta, «loratu arte, ereindakoa lantzen» segituko dutela agindu zuten.

p014_f01.jpg

Arantxa MANTEROLA |

Segiren azken ekitaldia izanagatik, atzokoak ez zuen, ez, despedida baten itxura. Itsasun bildu ziren 400 bat gazteen oihu eta txalo zaparradek argiki egiaztatu zuten Amaia Elixirik oholtzatik igorritako mezua: «Eguneroko jarduera iraultzaileak erama- nen gaitu garaipenera. Gazteok asko eta asko dugu ekartzeko, borrokatzeko eta eraikitzeko Euskal Herrian aske izatea, ikastea, lan egitea eta bizitzea lortu arte».

Agertokiaren atzealdean paratutako pankartaren hitzak ere ildo horretakoak ziren: «Zirkuluaren antzekoa da borroka. Edo- zein puntutan has daiteke, baina ez da inoiz amaitzen».

Segiren bozeramaileak «gazteria bizia, aske sentitu nahi duena, aldaketaren sustatzaile, ezin asea, maitasunez betea eta borrokalariaren» parte izateagatik sentitzen duten «harrotasuna» nabarmendu zuen, belaunaldiz belaunaldi urteetan transmititu den «grina, gogo eta askatasun egarria» gogora ekarri aitzin.

Bi estatuek gazte erakundearen jarduna «desbideratzen eta desagerrarazten» ahalegindu diren arren, «mugimendua gelditzea» inoiz ez dutela lortu adierazita, egungo fase politiko berria izan zuen hizpide: «Euskal Herrian, baita munduko lau bazterretan ere, aldaketa garaia da, baina ez gara gobernu aldaketa soilaz edota nazio askapen borroken zentzatze soilaz ari (...) Sistema kapitalista irauliko duten, arloz arlo aterabide sendo eta egonkorrei tokia utziko dieten borrokez ari gara. Herritarren hitzari eta erabakitzeko eskubideari bide emango dion borrokaz ari gara».

Aro bat bukatua

«Utopia hori errealitate bihurtzea desafio handia» denik ez zuen zalantzan jarri. Azken bi urteetan gazte estrategia birdefinitzeko Segik egindako barne hausnarketa horren lekuko jarri zuen Elixirik: «Gaur aro baten bukaera, tresna baten amaiera iragartzera gatoz. Azken hamarkadan Segi gazteen arazoei alternatibak eraikitzeko bitartekoa izan da, eskubiderik gabeko gazte kolektiboaren bozgorailu izan da eta garbi utzi du bere konpromisoa».

Kementsu, aurrerantzean ere konpromiso horrek indarrean dirauela esan zuen: «Segi agortu da baina, inolaz ere, ez dugu gazte borroka bukatutzat ematen. Alderantziz, lanean segitu behar dugu hurrengo belaunaldiei guk ikasitakoa transmititzen. Gazteok gara herri honen geroa eta gure esku dago etorkizun duina erabakitzea gaurdanik, oraina ere bagarelako».

Betidanik gazteria «aldaketa prozesu guztien ezinbesteko hatsa» izan dela eta «zerotik abiatzen» ez direla azpimarratuta, «loratu arte, ereindakoa lantzen» segitzeko asmo tinkoa ziurtatuz amaitu zuen hitzartzea gazteen txalo eta aldarrien artean. Gogo biziz abestutako «Eusko Gudariak»-ek argiki islatu zuen erabakitasun hori.

AITZINDARI

Euskal Herrian irekitako fase berrian, «gazteria motore, gidari eta aitzindari» izango dela esan zuen Haritza Galarragak. «Molde berriak, tresna berriak, indar berriak irekitzeko garaia da, baina baita borrokatzekoa ere», gaineratu zuen Segiren sorreran izandako senpertarrak.

Gazte mugimenduaren hiru hamarkadaren errepasoa

Bi bideo hitzartzeekin tartekatuz, frankismo garaitik gaurdaino gazte-mugimendu independentistaren jardunaren errepasoa egin zuten ekitaldian. Lehenak Jarrairen sorreratik izandako bilakaera erakutsi zuen, independentzia eta sozialismoaren alde Euskal Herriko lurralde guztietako gazteriaren borroka batu zuen Haika erakundearekin amaituz.

Bigarren bideoak Segiren historiaren gainbegiratua egin zuen. Hamarkada luzeko une, ekimen eta ekitaldi esanguratsuenak agertzerakoan, nabaria zen Itsasura bertaratutako askoren oroitzapenak astindu zirela.

Ibilbide horren partaide izan diren «ehunka gazteen konpromisoa eta galdutako lagunak, zapalduak, torturatuak, kartzelatuak eta ihes egitera behartuak izan direnak» gogoan izan zituzten.

Hain zuzen ere, ekitaldiaren hasieran espetxean dagoen Aitziber Plazaolaren mezua entzun zen. «Segik egin gaitu eta guk egin dugu Segi», adierazi zuen bergararrak, Mario Benedettiren «adio esan zioten elkarri eta agurrean bertan zegoen ongi-etorria» hitzekin animoak bidali aurretik.

Euskal preso eta iheslari politikoak ere izan zituzten gogoan ekitaldiaren hasieratik eta «gazte indarraz guztiak etxera ekarri arte» borrokan segituko dutela agindu zuten. A.M.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo